Badatozela ekainaren amaieran sanpedroak. Beizamakoak, bihotza, nongoak bestela? Egiari zor, badira nahi eta behar baino gutxiagotan zapaltzen dudan herrigunera jaisteko aitzakia, ipurmasailak hozten dizkizun udaletxeko arkupeetako harrizko mahai inguruan biltzeko okasioa, halako urteren batean jaietako kamisetetan makilarion makilaren ordez pepinoa zirudien marrazkia serigrafiatu zigutela gogoratzekoa —kamiseta berde-turkesa izateak ere asko lagundu zuen konparazio tragiko bezain komikoa egitea—. Eta, txikitan, sanpedro batzuetan, ezin ahaztu arreba zaharrak eta biok Patata Tortilla Lehiaketa irabazi genuenekoa, jarraian udaletxeko balkoira atera eta etxafuegoa bota genuenekoa. Arrebak oraindik ere esaten ez dit, bada, patatak besterik ez nituela zuritu, ez nuela taxuzko ezer egin!
Sukaldaria izan behar omen nuen. Ez dut ahaztuko txikitan osabak oparitu zidan mantal urdina, txakur marroi baten irudiduna. Sukaldaritzarako irrika hori itzaltzen joan zitzaidan, nahiz eta sukaldean sutan dagoen kazuela denei bueltaxka bat eman behar izaten diedan; horretarako beharra, bultzada, nezesidadea sortzen zait, eta ama beti sestraka, ea nire ukitu hain preziatua eman diedan bor-borka diren babarrun gorriei, dilistei, garbantzuei. “Ttak hori falta zitzaien, ama”. Ez dit sinesten. Gustatzen zitzaidan kozinatzea, sutondoan egoteari ere gustua galdu nion arte —nahikoa eta sobera dut bizirauteko jatorduak prestatuta; hori bai: patata tortillaren bat egin behar bada, nire kontu—. Tira, batera edo bestera, behin baino gehiagotan imajinatuko nuen neure burua Chicotek eramaten dituen Agatha Ruiz de la Pradaren jaka koloretsu, bihozdun, horterak soinean.
Zera gogorarazi dit sukaldariak: azken urte erdian birritan ikusi dugula Samantha Hudson artista eta dena delakoa oholtza gainean, batean Gasteizko Jimmy Jazzen, bestean Bilboko Santana 27n —hirugarren aldirik ez dugu epe ertainean, behintzat—. Vodka Redbull, Demasiado Coño, Burguesa Arruinada, Guateke… Errepertorio horrekin ez dakit bozgorailuek nola ez zuten eztanda egin, garrasien eta musika elektromamarratxoaren artean. Dena den, eta behar bezalako artista guztiek bezala, baladetarako astirik ere izan zuen. “Tú mi Chicote y yo tu chiquitita/ Y estaremos juntos los dos / Cocinando amor[ch]”. Ezin esan hitz horiek emoxionatzen ez nautenik.
Zera gogorarazi dit abeslariak: duela urte gutxi elkarrizketa bat eskaini ziola aldizkariren bati, joan nintzela kioskora horren bila, eta auskalo zer orrialdetako auskalo zer artikulutan armadura poetikoa kontzeptua irakurri nuela. Oraindik ere ez dut lortu neure baitan irudikatzea nola demontre izan daitekeen burdin puska bat zurruna bezain alegorikoa, nahiz eta Balenciagaren zenbait lanetik hurbil kokatuko nukeen.
Zera gogorarazi dit armadurak: Lady Dik istripua izan zuen hiriko Orsay museoan noraezean ibili ginela joan den abenduan, eta topatu nituela bertan poesia zerioten armadurak: Emmanuel Fremiet-en Saint Michel terrassant le dragon (San Martin herensugea akabatzen) brontzezko estatua katxarroa, eguzki izpidun koroarekin, metalezko hego arinekin, eskuetan ezpata eta ezkutu bana duela; Alfred Gilbert-en Saint Georges estatuatxoa, brontzezkoa eta bolizkoa, bera baino luzeagoa den ezpatarekin; eta, azkenik, Georges Antoine Rochegrosseren Le Chevalier aux fleurs (Loreen Zalduna) koadroa. Ikusia nuen noiz edo noiz Parsifal Artur erregearen Mahai Biribileko Zalduna, hura tentatzera tematuta diren lore-neskatxek inguraturik, floriturarik gabeko armadurak petaloak islatzen dituela: nartzisoa, peonia, arrosa, lirioa, tulipa, bioleta, hortentsia… Ez nuen espero, ez, non eta Orsay Museoan topatzea margolan hori. Orduantxe, koadrotzarra parean nuela, dezifratu nuen armadura poetikoaren zera hori.
Lorerik ez dago, ordea, mihisearen erdi-erdikoa bezalakorik: kuku belarra (Aquilegia Vulgaris). Ez nau harritzen Rochegrossek lore hori ere pertsonifikatu izana zalduna seduzitu zezan: lehen begi bistan geometrikoki ezinezkoa dirudi, adar formarekin amaitzen diren bost petalok gordetzen baitituzte haziak, eta, beste bostek, lehen horiek apaindu. Nola ez zen, bada, pozoitsua izango halako lore bat; deabrua xehetasunetan omen dago, eta halako edertasuna ez da batere sanoa. Edonor kuku uzteko ere!
Ekainean sartu orduko joanak dira kuku belarrak Beizamatik beherako errepide bazterretatik; mozteko moduan diren belarrek galdu dituzte pintzelkada morexkak. Eskerrak, ez gaude-eta burua gehiago galtzeko moduan.