Irakurle, ni ez naiz inor
zuk mendeku hartzea iradokitzeko
Baina izan ezazu arrazoi bat
eta saiatuko naiz.
San Pedro eguna, 1994
Emakume bat, autoko atzeko eserlekuren batean. Kalera irten aurretik erabaki bat hartu behar izan du, eta jada beranduegi da atzera egiteko; aurrera doa autoa. Harentzat gutxitan da aproposa apropos egindakoa, gaur izan ezik. Haren begietan, nola ez. Bananduta dauden arren, oraindik senarra du printzea, eta haren gaurko aitorpenak ez du inor ezustean harrapatu; ez zegoen inor Erresuma Batuan esan duena jada ez zekienik. Leiala izan zen, "bai, [ezkontza] ezinbestean hautsi zen arte". Jo iezaiok adarra!
Biek egin dute berdin, hori ezin du ukatu, baina emaztea harritu egin da senarrak gutxitan erakutsi duelako ausardia. Harritu egin da, egia esan. Beraz, heldu da garaia erantzuna emateko. Horrexegatik kasu egin behar izan dio maiodormoari, armairutik atera dionean duela hiru urtetik gordeta zuen soinekoa. "Hau jantzi zenezake, badakizu...". Amaginarreba etorri zaio burura: horrela jantzita soinekoa urratuko lioke literalki eta figuratiboki, nahiz eta berez tutik ere esango ez liokeen, semeak esan dituenak esanda ez baita komeni eskandalu gehiago ematea. Windsorren gertatzen dena Windsorren geratzen da.
Heldu da heldu behar duen tokira. Minutu erdi bat besterik ez du autotik atera eta Serpentine Galleryra sartzeko; tarte horretan nahikoa paparazzi egongo da corgi andereak eta behar duenak ikusteko zer deritzon emakumeak senarraren aitorpenari: bost axola hari.
Atea ireki bezain agudo hasi dira kamerak klisk egiten. Inork ez dio inoiz atera ordura arte halako argazkirik, ez dago-eta etiketaz jantzia; epaitu dezatela behingoz egin nahi duena egin duelako. Jantzi ezin duen dena du Christina Stambolian diseinatzailearen kreazio horrek: dolurako bakarrik erabili beharko lukeen kolorekoa da, laburra baino laburregia printzesa batentzat belaunak bistan geratzen zaizkiolako, eta sorbaldak airean ditu. Mendeku-soineko gisa ezagutuko dute gehienek. Norberak mendeku har dezala nahi edo ahal duen bezala.
Joan den igandea
Noraezean gabiltza Parisko Marais auzoan; bart heldu gara. Hezurretaraino sartzen den hotza eginagatik, garaiz abiatu gara kaleetan barrena, ez baitira gutxi ikusteko ditugun eraikinak eta museoak –betiko horiek, turista planean etorri gara–. Rosiers kaleko bidegurutze batean arreta deitu dit irudi batek: emakume bat, eskote dena airean uzten dion soineko beltz batekin. Bihotz bat du eskuetan. "Ez dut arauen liburua jarraitzen. Bihotzak gidatzen nau", dio.
Nola ez dut, bada, ezagutuko nor den? Ba ote da ezagutzen ez duenik? Inoiz gertatu zitzaiona ez dakienik?
Istripuaren eguna
Emakumea berriro, soineko hori jantzi zuen urteko Mercedes Benz S280 beltz bateko atzeko eserlekuren batean. Ihes egin du Parisko Ritz hoteleko atzeko atetik, bikotekidearekin; bizkarzaina eta txoferra doaz aurrean.
Egun bateko geldialdia egin dute hiriburuan, oporretatik bueltan. Paparazziek badakite han direla, egun osoa egon dira haien atzetik, eta, gauean, itxoiten ari dira hotelaren inguruan. Doazen autoa atera aurretik beste bat abiatu da kamerak despistatu asmoz; ez dute lortu. Sigi-sagaka igaro dira Cambon eta Rivoli kaleetatik, Concorde plazatik, Sena albotik doaz orain –emakumeak ez daki ibaia azkeneko aldiz ikusiko duela–. Atzetik, paparazziak segika; ez dute amore emango, ala?
Haiei aurrea hartze aldera gidariak azeleragailua zapaldu du, eta Almako zubiko tunelera heldu orduko azkar doaz, azkarregi. Ezbeharra ez dago kontatu beharrik. "Ene bada, zer gertatu da?". Horiexek izan omen ziren emakumearen azken hitzak tunelean, istripuak eragindako zauriengatik ospitalean hil aurretik.
Direnak eta ez direnak entzun dira Lady Diren istripuari buruz, eta konspiraziotik baduten makina bat teoria asmatu dituzte; bertsio ofiziala ere badago, urteetako ikerketen ondoren justiziak onartu zuena: gidaria mozkor zihoan eta paparazziak astunak baino astunagoak ziren, besterik ez. Dena den, nori ez zaio gustatzen norberaren egia sinestea?
Corgi anderearen kontra ez ziren gauza gutxi esan, eta askok hari bota zioten errain ohia hiltzearen errua –egia esan, lanpetuegi egongo zen egunero gintonica edaten–. Baina trago eta trago artean planen bat sortu izan balu, orduan zer? Eskandalu galanta! Tamalez, ezin diogu galdetu, eta galdetuta ere, egindakoak eginda daude, ez dago atzera bueltarik. Norberak mendeku har dezala nahi edo ahal duen bezala. Abuztuko azken eguneko ordu txikietan, mendekua eman zioten mendekua hartu zuenari.
[Ohartarazpena: baliteke azken baieztapen horrek fantasia kutsua izatea. Ez naiz arduratuko ekar eragin ditzakeen ondorioez].