Fetitxe ditut elkarrizketak zeintzuetan jendea lehenbizikoz aurkezten den, bizitza honetan dagoen pertsona adina aldiz errepikatzeko modukoak. Aurkez dezala norberak bere burua nahi bezala; nik buruz ikasi dut nire aurkezpena, inor ezin baita geratu jakin gabe non geratzen den Beizama.
—Lezama? —dio besteak, bozgorailuen musikak entzuten uzten ez diolarik.
—Beizama!
—Zegama?
—Be, be, ardiak bezala.
—Eta non dago hori?
—Azpeitia eta Tolosa artean —Hitz horiekin berehala kokatzen dute, behingoz, Gipuzkoan, bi herri horiek gabeko maparik existituko ez balitz bezala. Bat badago, behintzat. Noiz edo noiz Beizamako aterpetxean egon direnekin ere egin dut topo noizbait. Zorionekoak haiek!
Eta behin eta berriro, eta behin eta berriro, eta behin eta berriro... Ehun eta piko biztanledun herriaren txintxeta non jarriko duenik ez badago gertu, trankil, hortik ibiliko naiz eta; asimilatuta dut jada nire egitekoa. Ni gustura gainera, nork azalduko die, bada, bestela, Gipuzkoako erdigune geografikoa gurean dagoela, herritik gora Urrakirantz joanda? Zentzugabea bezain ironikoa da zentroan egotea gutxi zenbaitek ezagutzen duten periferia, zera bezainbeste: Santutxoko kruzean Beizamara heltzeko sei kilometro geratzen direla dioen kartela eta kilometro erdia geroago, Santa Marinarako eta Santa Agedarako bidea banatzen diren kruzean, zazpi geratzen direla dioena.
Ia egunero pasatzen naiz errepide horretatik, ez bada lanera joateko, Tolosara jaisteko. Izan ere, justu duela urte eta erdi bete dira bertako modista birengana joan nintzela, etxean beti izan dugun amaren josteko makinaren pedala fundamentu pixka batekin zanpatzen ikasteko asmoz; 13 urte koxkorrekin erosi zuen, eta lehen egunean bezala segitzen du oraindik ere. Aurretik, kuriositate hutsez emanak nituen bi oihalen artean puntada batzuk, inoiz jakin gabe benetan zer zen jostea, harik eta erabaki nuen arte banuela garaia urteak begiz jota nuen zera horri heltzeko.
—Zerekin hasi nahi duzu?
—Tutik ere ez dakit. Zeuk esan, Elvira.
—Gona sinple batekin, beraz.
Hortik aurrera ekin nion benetan josteari, dendako maniki bat hartu eta haren neurriko gona bat egitearekin batera. Bertan igaro ditut orain arteko astelehen eta asteazken arratsalde edo astearte eta ostegun goizak, kotxea San Esteban auzoko aparkalekuan utzita eta Ikeako poltsa urdina soinean nuela tramankulu guztiekin beteta. Gindoazen andre guztiok —ni neu salbuespen, izatez haiek bezalakoxea izanagatik ere— izan ditugu egun produktiboagoak, non pedala askatu eta berriro zanpatu arteko hasperenak besterik ez ziren entzuten, eta izan ditugu beste hainbeste aprobetxatu ez ditugunak, gaizki egindako puntadak askatu bitartean behar baino gehiago luzatzen ziren elkarrizketak zirela medio. Batera edo bestera, eta inpostorearen sindromearen marmarrei entzungor eginda, makinen aurrean moldatzen garela esan beharko, bidegurutzera heldu garelako: bata erretiroarenera, eta, gu, ezinbestean faltan botako dugun laguntza atzean uztekoarenera. Eskerrak agur afarian diploma bana eman zigun, ikusten dugun bakoitzean han igaro ditugun buruhauste guztiak eta zegozkien soluzioak ere gogoratzeko. Ahaztua zuen arren, Mari Jose dendako beste jostunari ere esan nion iazko urtarrilean dendara sartu nintzen lehenbiziko aldia, nora nindoan jakin gabe «josten ikasi nahi dut» esanda bertan hartu zidatenekoa. Zerrenda batekin atera nintzen: patroietarako papera, erregela, eskuadra, arkatza, borragoma, zorrozkailua, zinta itsasgarria, koadernoa, burudun orratzak, kutuna, orratza, josteko eta albaintzeko haria, tela, guraizeak, metroa eta josturak desegitekoa. Horiekin guztiekin bueltatu nintzen hurrengo astean, gona egiten hasteko prest.
Egin ditut zenbait jantzi gaurdaino, eta kariño handiena diot josi nuen kortseari. Badira hiru urte pasatxo, karrerako hirugarren urtean, Bilboko Begoña auzoko pisuan kortsearen ideiarekin tematu nintzela; badira bi urte eta erdi lehen bertsio bat egin nuela, geroxeago erabiltzen ez nituen bakero batzuekin hala moduzko beste bat egiteko, metalezko balea bizar eta guzti; eta, hamaika saiakeraren ondoren, bada urtebete, hain zuzen, amaitu nuela hain laguntza preziatuarekin taxuzko kortsea. Probagelatik aterata, gainontzekoen erreakzioak Maruja Torresen ¡Oh, es Él! liburuko pasarte hau ekarri zidan gogora: "Y ahora ayúdame a quitarme el maldito corsé, que las ballenas me están perforando las costillas. Anda, que si llego a nacer en el siglo diecinueve, se hubiera hecho travestí mi señor padre". Nahi luzitu? Beharko sufritu!