Festak aurrera darrai Getarian. Atzo goizean goiztik Salbatore jaiak ari dira ospatzen herrian, Haur eta Gazteen Egunarekin lehenik, eta Getariako Arraun Elkarteak botatako txupinazoarekin ondoren. Bart gaueko neke eta ajea alde batera utzita, ordea, asko izan dira gaur goizean ere kalea zapaldu dutenak, egitarauko ekintzetara hurbilduz.
9:30ean Getariako Bandak diana eskaini du kalez kale, eta ondoren, 11:00etan, meza nagusia izan da abesbatzarekin batera. Ordu berean, dozenaka ume bildu dira plazan, GUKAk antolatutako haurren tailerrean, eta maskarak nahiz txapak egin dituzte bertan. Metro batzuk urrunago, udaletxe parean, Haritz Alberdi alkateak ohorezko aurreskua eskaini du, udal taldeko beste zinegotzi eta oposizioko kideen parean. Gure Txeruko txistulariak izan dira bertan, eta behin dantza amaituta, alkateak keinu bidez eskerrak eman dizkie herritarrei. Bere familiako hainbat kide agurtzeko tartea ere hartu du. Hori eta gero, Harritarten Getariako Musika Bandaren kontzertua izan da 12:45ean. Ikusmina sortu du hitzorduak, aulki guztiak betetzeaz gain, inguruan ere dozenaka ikusle bildu baitira. Elkanoren Lehorreratzea izango da bihar, baina horren aurretik, gaur arratsaldean ere izango da zer gozatua Getarian. Hona hemen gaur arratsaldeko eta biharko egitaraua:
Abuztuak 6, osteguna, Salbatore Deunaren Eguna
- 17:30. Eskuz binakako XXVIII. Salbatore Pilota Txapelketako jubenilen eta 23 urtez azpikoen finalak.
- 18:00. Markeliñeren Chef Nature antzerki ikuskizuna, plazan.
- 19:30. Goxo txaranga.
- 19:30. Iago Mago, txosnetan.
- 22:30. Lekittoko Deabruak antzerki taldearen su-ikuskizuna.
- 23:00, txosnagunean pintxada: Gga Zazta, Atlantis Brothers, Margari ta Barbari.
Abuztuak 7, ostirala, Salbatore bigarrena eta Elkanoren Lehorreratzea
- 09:30. Diana Enbilen Pepitak panderojoleekin.
- 10:00. Bizi jolas, euskal jolasak eta tailerrak, frontoian.
- 12:30. Bertso saioa, Harritarten, ondoko bertsolariekin: Andoni Egaña, Haira Aizpurua, Onintza Enbeita eta Aner Peritz.
- 17:00. Elkanoren Lehorreratzea.
- 20:00. Dinbi Danba batukada.
- 22:00. Korrontziren Mundua dantzan ikuskizuna, frontoian.
- Jarraian, DJak txosnetan: Asti, Disco Dev, Joseba Remember.