Albistegia

Gazteak, salbatoreetako lehen eguneko protagonistak

Mireia Galarza Bastida eta Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 5a

Euriak baldintzatuta hasi dituzte salbatoreak Getarian. Gaztetxoak izan dira protagonista bertan, eta besteak beste, izozki tailerra eta paella lehiaketa egin dituzte goizean zehar. Bideoak hainbat getariarren hitzak jasotzen ditu. 

Beste hainbat txokotako festak ez bezala, euripean hasi dituzte gaur goizean salbatoreak Getarian. Familiako gazteenak ez dira eguraldiagatik etxean gelditu, eta euren eguna aprobetxatzeko gogoz irten dira kalera goizean goiztik, urduritasun eta irrika dosi orekatuan. Izozkiak nola egin daitezkeen ikasi eta gero, gaztetxoetako batzuk arduratu dira festetako lehen txupinazoa botatzeaz. Ondo pasatzeko asmoa dutela azaldu dute, eta eskaera bat ere luzatu die gurasoei, "gauean berandura arte gelditzeko aukera izatea".

Txupinazoa eta gero, konfetiak bota dizkiete behean pilatutako haurrei, baita gozokiak ere. Ondoren, buruhandien saioa zen egitekoa, baina euriagatik zorua labaina zegoenez, segurtasunagatik bertan behera utzi dute ekitaldia. Hutsik egin ez duena erraldoien dantza saioa izan da, eta horiek Kita del pare txarangaren doinuekin gira eta buelta aritu dira, herritar ugari inguruan zituztela. Goizeko beste ekintzak ere baldintzatu ditu euri langarrak, paella lehiaketa baitziren egitekoak txosnagunean, baita bazkari herrikoia Harriarten. Berdura plazara lekualdatu dituzte ekintzak, eta bertan ibili dira gazte kuadrillak paellak prestatzen giro paregabean.

Hona hemen gaur eta biharko egitaraua:

Gaur, asteazkena

  • 15:30-19:30. Haur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
  • 19:30. Me Vale Madre taldearen emanaldi ibiltaria.
  • 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Somak, Lukiek, Eztanda.
  • 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Itzal erromeria, plazan.
  • 00:00. Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
  • Jarraian, Itzal erromeria, plazan.

Bihar, osteguna

  • 09:30. Getariako Musika Bandaren diana.
  • 11:00. Meza nagusia, Getariako Abesbatzarekin.
  • 11:00. Haurrentzako tailerrak GUKAren eskutik.
  • 12:30. Alkatearen ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
  • 12:45. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
  • 17:30. Eskuz binakako XXVIII. Salbatore Pilota Txapelketako jubenilen eta 23 urtez azpikoen finalak.
  • 18:00. Markeliñeren Chef Nature antzerki ikuskizuna, plazan.
  • 19:30. Goxo txaranga.
  • 19:30. Iago Mago, txosnetan.
  • 22:30. Lekittoko Deabruak antzerki taldearen su-ikuskizuna.
  • 23:00, txosnagunean pintxada: Gga Zazta, Atlantis Brothers, Margari ta Barbari.

Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide