Udal ordezkariak damu ziren goizean zehar. "Uda osoan bota ez duen euria ari du botatzen orain", zioen zinegotzi batek. Egia da ez direla zapar bortitzak izan, baina gauetik egindako euri langarrak kalera ateratakoen arropak blai eginda utzi ditu. Horrek, baina, ez du inola ere getariarren festa gogoa baretu. "Berdin berdin ospatuko ditugu salbatoreak, urtean behin esaten dira eta", azaldu du Berdura plazaren babesean gordetako gazte batek.
Haur eta gazteak izan dira protagonista gaur hasitako Salbatore jaien lehen orduetan. Izozkiak nola egin daitezkeen jakin eta gero –izozkien, edo, haurrek zioten bezala, helauen tailerra egin dute goizean Berdura plazan–, herriko ume beraiek jaurtiki dute haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik. Konfetiak bota dizkiete behean pilatutako haurrei, baita gozokiak ere. Ondoren, buruhandien saioa zen egitekoa, baina euriagatik zorua labaina zegoenez, segurtasunagatik bertan behera utzi dute ekitaldia. Hutsik egin ez duena erraldoien dantza saioa izan da. Kita del pare txarangaren doinuekin gira eta buelta aritu dira.
Egitarauarekin jarraituta, paella lehiaketa zen egitekoa txosnagunean, baina euriagatik, lehiaketa eta Harritarten egitekoa zen bazkari herrikoia Berdura plazara eraman dute. Han aritu dira gazte kuadrillak paellak prestatzen.
Arratsaldean, gehiago
Salbatore jaien lehen egunak arratsaldean izango du jarraipena. Hor ere euriak eragina izango du, frontoian, plazan eta Berdura plazan egitekoa zen haur parkea kiroldegira lekualdatu dutelako. Honakoa da arratsalderako prestatutako egitaraua.
- 14:30. Gazteen herri bazkaria, Harritarten.
- Jarraian, kuadrillen arteko jolasak kalez kale.
- Tartean, V. Kaña Karrera, Artzapen.
- 15:30-19:30. Haur parkea, frontoian, plazan eta Berdura plazan.
- 19:30. Me Vale Madre taldearen emanaldi ibiltaria.
- 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Somak, Lukiek, Eztanda.
- 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
- 23:00. Itzal erromeria, plazan.
- 00:00. Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
- Jarraian, Itzal erromeria, plazan.