Albistegia

Getariako itsas parrillaren jatorriari eginiko omenaldia, bideoan

Usua Garin eta Ekaitz Etxabe 2026ko uztailaren 27a

Elkanoren testamentuaren 500. urteurrenean, Getariako itsas parrillaren ondarea omendu zuten atzo Getarian. Herriko jatetxe zein elkarte gastronomikoetako kideek hartu zuten parte ekitaldian eta, amaieran, Getariako parrillaren identifikazio plakak banatu zizkieten.

Juan Sebastian Elkanok idaztea agindu zuen testamenduaren 500. urteurrena Izan zen atzo. 1526. urteko dokumentu horretan jasota geratu zen parrillaren lehen aipamen idatzia: "É tres parrillas de fierro". Hori gogora ekartzeko, parrillaren ondareari aitortza egin zioten atzo goizean, Getariako Bista Onan. Bertan izan ziren Haritz Alberdi Getariako alkatea, Xabier Alberdi EHUko Historiako doktore eta Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa eta herriko jatetxe zein elkarte gastronomikoetako ordezkariak.

Politena jatetxetik Xole Garmendia bertaratu zen, Astillerotik Gorka Lazkano, Balearritik Jon Irigoien, Elkanotik Axier Ezenarro, Iribarretik Manu Zulaika, Kaia Kaipetik Peio Arruabarrena eta Joel Muller, Mayflowerretik Asier Antomas eta Txokotik Manu Doñelfa. Hauek, elkarte gastronomikoetako kideekin eta parrilla munduarekin lotura duten beste zenbait lagunekin batera, parrilla pizten joan ziren banan-banan.

Behin kide guztiak aurkeztuta eta parrilla piztuta, Getariako parrillaren identifikazio plakak banatuko zituzten udaleko kideek, herriko elementu bereizgarri gisa parrillaren tradizioak bizirik iraun dezan lan egin duten jatetxe eta elkarte gastronomikoei aitortza egiteko. Amaieran, elkarrekin piztutako itsas parrillaren txingarrak jaso dituzte herriko jatetxe eta elkarte gastronomikoetako ordezkariek, nork bere etxera eraman zitzan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide