Juan Sebastian Elkanok idaztea agindu zuen testamenduaren 500. urteurrena da gaur. Bertan, jasota geratu zen parrillaren lehen erreferentzia idatzia: "É tres parrillas de fierro". Hori gogora ekartzeko, parrillaren ondareari aitortza egin diote gaur goizean. Bertan izan dira Haritz Alberdi Getariako alkatea, Xabier Alberdi EHUko Historiako doktore eta Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa eta herriko jatetxe zein elkarte gastronomikoetako ordezkariak.
10:30ean eman diote hasiera ekitaldiari, Alberdi alkatearen ongietorriarekin. Ondoren, Xabier Alberdik hartu du hitza, eta Getariako itsas parrillaren jatorriari eta esanahi historikoari buruzko kontakizuna eskaini du. Gero, Xabier Alberdik berak Getariako jatetxe eta elkarte gastronomikoetako kideak aurkeztu ditu banan-banan, eta, pixkanaka, parrilla pizten joan dira hauek. Behin guztiak aurkeztuta eta parrilla piztuta, Getariako parrillaren identifikazio plakak banatuko dituzte udaleko kideek, herriko elementu bereizgarri gisa parrillaren tradizioak bizirik iraun dezan lan egin duten jatetxe eta elkarte gastronomikoen aitortza egiteko. Amaieran, elkarrekin piztutako itsas parrillaren txingarrak jaso dituzte herriko jatetxe eta elkarte gastronomikoetako ordezkariek, nork bere etxera eraman zitzan.
Ondorengo jatetxe eta elkarte gastronomikoetako kideek hartu dute parte ekitaldian: Politenatik, Xole Garmendia, Euskal Herriko lehen emakumezko parrilleroa; Astillerotik, Gorka Lazkano; Balearritik, Jon Irigoien; Elkanotik, Axier Ezenarro; Iribarretik, Manu Zulaika eta Pili Iribar; Kaia Kaipetik, Peio Arruabarrena eta Joel Muller; Mayflowerretik, Asier Antomas; Txokotik, Manu Doñelfa; Elkano Kultur Elkartetik, Pello Isasti; San Martin elkartetik, Mariano Maltas eta Txori-Tonpe Atseden Elkartetik, Iñaki Bikuña. Gainera, Jose Antonio Ostolaza parrillagileak, Xabier Aldalur itsas sukaldaritzako eta parrillako irakasle eta ikertzaileak, Peio Iribar arrantzale eta bildumagileak eta Jon Azkue parrillagileak ere hartu dute parte ekitaldian.