Gozatzeko aukera izan du 'Esperantza' traineruak pasa den asteburuan

Juan Luis Romatet 2025ko abu. 11a, 13:54

Getariako trainerua ziabogara hurreratzen, igandeko estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Getariako trainerua hirugarren izan zen atzo Galiziako uretan, Eusko Label ligako estropadan. Bezperan, larunbatean, seigarren izan ziren getariarrak. 

Erregulartasun handia ari da erakusten Getariako trainerua aurtengo Eusko Label ligan. Lehen estropadatik bigarren txandan aurkitu zuen burua, eta asteburuak pasa ahala, txanda horretan jarraitu du Esperantza ontziak. 

Pasa berri den asteburuan Galizian jokatu dituzte Eusko Label ligako estropadak, biak ere Arousako itsasadarrean. Larunbatean, A Pobra do Caramiñalen, seigarren izan ziren getariarrak, aurretik ere sarritan errepikatu duten postuan. Igandean, baina, oraindik ere itxura hobea erakutsi zuen Getariak, Boiron jokatutako estropadan.

Bigarren txandan aritu zen Esperantza, eta lehen unetik izan zen burutik hurbil. Bermeoko Urdaibaiek eta Getariak borroka ederra eskaini zuten. Lehen ziabogan Urdaibai izan zen lehena, eta Getaria, segundo bakarrera, bigarren. Hurrengo ziabogan, Getariak markatu zuen denbora onena, segundoko aldearekin Urdaibairekiko. Berdintasuna mantendu zuten hurrengo bi luzetan ere, eta helmugako lerroa lehenago zeharkatu zuen Getariako brankak, Urdaibaik baino 82 ehuneko azkarrago.

Eguna hobetzeko, ohorezko txandan aritu ziren bi ontzik baino denbora hobea egin zuten getariarrek; Oriok eta Donostiarrak bakarrik markatu zituten denbora hobeak. Hala, eguneko sailkapenean hirugarren izan zen Getaria.

Sailkapen orokorreak seigarren jarraitzen du Getariak, 84 punturekin. Sorpresarik izan ezean, eta erakutsitako erregulartasuna kontutan izanda, postu horretan amaituko du liga, aurretik duen Hondarribia 17 puntura duelako, eta atzean duen San Juan 22 puntura. 

Datorren jardunaldian Zarauzko bandera izango da jokoan, bi jardunalditan banatuta, eta han izango du Esperantzak zaletuen bultzada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide