Eusko Label ligako bederatzigarren eta hamargarren jardunaldiak jokatu dituzte asteburu honetan. Larunbatean Hondarribian lehiatu ziren traineruak eta gaur goizez, Bizkaira salto eginda, Lekeition. Orain arteko joerarekin jarraituz, Getariako Esperantza ontzia sailkapeneko erdi aldean aritu da, postu bat gora postu bat behera.
Hala, atzo, Hondarribian, zazpigarren izan ziren Unax Eizagirre patroiak gidatutako mutilak, bere txandan hirugarren eginez. Urdaibai zein San Juan aurretik sailkatu ziren Txingudiko uretan. Gaur postu bat hobetu dute Lekeition, larunbateko estropadarekin alderatuta. Gaur ere hirugarren izan dira bere txandan, baina kontutan hartu behar da gaurko bandera irabazi duen Zierbena bigarren txandan aritu dela, atzoko emaitza kaskarra zela medio. Getariarrak gai izan dira gaur ohorezko txandan aritu den San Juanek baino denbora hobea egiteko.
Hamar jardunaldi, hamar bandera jokatuta, Getariak sailkapeneko seigarren postuan jarraitzen du, 67 punturekin, eta ez da harritzekoa izango postu horretan amaitzea liga, atzetik duen San Juani hamahiru puntuko aldea ateratzen diolako; aurretik, bosgarren postuan, Urdaibai dago, Getariak baino hamazazpi puntu gehiagorekin.
Datorren astean Galiziarako bidea hartuko du Eusko Label ligak. Larunbatean A Pobra do Carabiñalen izango dute estropada, eta igandean Boiron, biak ere Arousako itsasadarrean.