Atzoko arantza kendu du Getariak gaur Petronor Banderan

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 13a, 17:45

Esperantza ontzia gaurko Zierbenako estropadan. (Aitor Arrizabalaga / TKE)

Larunbateko jardunaldian zortzigarren sailkatu zen Donostian, estropada aldrebes bate ondoren. Gaur, aitzitik, arraunkera serioa planteatuz, bosgarren amaitu du proba.

Asteburu gorabeheratsua izan du Getariak Eusko Label ligako hirugarren eta laugarren jardunaldian. Atzo, Donostiako uretan izan zuen estropada, Fabrika Bandera jokoan zela, eta etxeko taldearentzat salbu, gainerako ontzientzat aldrebes samarra izan zen. Esperantzak zortzigarren bukatu zuen eguneko sailkapenean, irabazlearengandik minutu eta 18 segundora.

Donostiarra izan da nagusi, 20:06,34ko denborarekin, eta egundoko aldea atera zien ondorengoei; bigarren izan den Urdaibairi 25 segundo eta hirugarren helmugaratu den Oriori, berriz, 33 segundo. Estropada bigarren luzean apurtu zuten donostiarrek, olatu eder bat ongi baliatu ondoren; harrezkero, kontrolpean izan zuten estropada.

Getaria bigarren txandan lehiatu zen, eta hirugarren amaitu zuen. Printzipioz, lehen txandakoek denborak hobetzen bazituzten zazpigarren tokia lortuko zukeen, baina arriskua gainean zuen. Izan ere, lehen txandan San Juanek getariarrek baino denbora hobea egina zuten jada. Itsas baldintza nahasiak, olatuek eta kaleen banaketak asko baldintzatu zuten atzoko proba.

Atzo sufritzea tokatu zitzaien asko arantza atera nahi izan dute gaur, eta Getaria izan da horietako bat, bosgarren postu dotorea eskuratuta. Orio Arraunketa Elkarteko traineruak irabazi du Zierbenako Petronor Bandera. Aise, hamabost segundoko aldearekin, 19:56,19eko denbora eginez.

Hamar segundotik gorako aldea atera die hirugarren txandako gainerako aurkariei; Zierberna, Urdaibai eta Donostiarrari, hurrenkera horretan. Jardunaldiko sailkapenean, ordea, bigarren txandako ontziak ere kokatu dira goiko postuetan: Zierberna izan da bigarrena etxean, 15 segundo galduta, baina hirugarren postua Hondarribiarentzat izan da, bigarren txandako onenarentzat; bizkaitarrek baino segundo bat gehiago behar izan dute. Laugarren tokia Urdaibaik lortu du, ia 22 segundora, eta bosgarrena Getariak, 28 segundora.

Une honetan, seigarren postuan dago Esperantza ligako sailkapenean, 26 punturekin; aurretik Hondarribia du, 33 punturekin, eta atzetik Ares, 21 punturekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide