Eusko Label ligako bigarren txandan arituko da datorren asteburuan Getariako 'Esperantza'

Juan Luis Romatet 2025ko uzt. 6a, 16:37

Getaria, atzo Bilbon jokatutako estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Eusko Label ligako lehen bi jardunaldiak jokatuta, Getaria sailkapeneko seigarren postuan kokatu da, eta datorren larunbatean bigarren txandan lehiatuko da. 

Getariako Esperantzak eman ditu lehen paladak aurtengo Eusko Label ligan. Larunbatean Bilbon eta gaur Sestaon jokatu dituzte ligako lehen bi estropadak, eta Getariako ontziak erakutsi du baldintza egokiekin goiko postuetatik hurbil egon daitekeela. 

Hala erakutsi zuen atzo Bilbon, erlojuaren aurka jokatutako estropadan. Ibaizabalen jokatu zuten estropada, eta Esperantza bigarren txandan aritu zen, Ondarroarekin, Lekittarrarekin eta Hondarribiarekin batera. Serio ekin zioten getariarrek estropadari, eta lehen ziabogan Hondarribiaren denbora bera egin zuen. Hortik aurrera aldea handitzen joan ziren getariarrak, eta bere txanda irabaztea lortu zuten, Hondarribiarekiko hamar segundoko aldearekin. Ondoren ohorezko txandan aritu ziren lau ontziek bakarrik hobetu zuten Esperantzaren denbora, eta bosgarren postu bikain batekin eta itxura ona emanaz bukatu zuten arraunketa saioa.

Kilometro gutxitara jokatu dute gaurko estropada, Sestaoko bandera. Atzokoa ez bezala, gaurkoa lineako estropada izan da, lau kaletara. Eta kaleez hitz eginda, kalerik okerrena tokatu zaio zozketan Getariari, bigarrena. Horrek guztiz baldintzatu du estropada, laugarren kaletik aritu den Hondarribiak hasieratik hartu duelako burua, atzetik Ares galiziarrak zituela. Getariak bere arraunketarekin jarraitu du, eta bigarren luzean harrapatu egin du Ares, Hondarribiak zuen aldea ere murriztuz. Bigarren izan da bigarren ziabogan, baina hortik aurrera Hondarribiak zein Aresek ihes egin diote. Amaieran, zortzigarren izan dira, lehen txandan aritu den Ondarroak ere denbora hobea egin duelako. 

Bi estropada jokatuta, sailkapeneko seigarren postuan da Esperantza, 13 punturekin. Aurretik du Hondarribia, bosgarren postuan, 15 punturekin, eta atzetik Ares 12 punturekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide