Albistegia Txikiren eta Otaegiren hilketaren 50. urteurrena

'Uraren lokarriak' herri ikuskizuna, memoria etorkizunarekin lotuz

Urtzi Oteiza

Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki hil zituztela 50 urtemuga gogoan, herriko zenbait sortzailek Uraren lokarriak ikuskizuna sortu dute. Atzo plazaratu zuten Soreasu antzokian. Ikus-entzuleen harrera bikaina jaso zuen hainbat kultur diziplina batu dituen emanaldiak.

Uraren lokarriak izeneko ikuskizuna egin zuten atzo eguerdian Soreasu antzokian. Herriko zenbait sortzailek sortutako eta egindako emanaldia izan da. Izenburuak esan bezala, urak egin du lokarria, iturburutik itsasora, Nuarbe eta Zarautz lotuz, Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki gogoan. Hainbat kultur diziplina uztartuz osatutako herri ikuskizuna izan zen.

Trikitia, kantua, hitzak, musika, dantza eta antzerkia ikusi eta entzun ahal izan ziren Soreasun, 1970eko hamarkadara joan-etorrian. Antzokian bildutakoak zutik jarrita eta txaloka zirela piztu zituzten atzo Soreasuko argiak. Emanaldira joandakoek asko eskertu zuten herritik eta herriarentzako sortutako ikuskizun hunkigarria.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide