Memoriaren urak etorkizunari lotu dizkiote 'Uraren lokarriak' ikuskizunean

Nerea Uranga 2025ko urr. 12a, 16:13

Angel Otaegiren eta Juan Paredes Manot Txikiren fusilaketen 50. urtemuga gogoan, herriko hainbat sortzailek Uraren lokarriak ikuskizuna plazaratu dute gaur Soreasu antzokian. Hala Nuarbeko iturburuko urak itsasoarekin, nola iragana etorkizuneko ametsekin lotu dituzte hitzekin, kantuarekin, dantzarekin, musikarekin eta antzerkiarekin. Herrikoek sortutakoa herritarrek eskertu dute, Soreasun bildutakoen txalo zaparradarekin bukatu baita gaurko emanaldia.

Iraganari begira, etorkizunari begiratzeko. Halaxe jarri ditu gaur Soreasu antzokian bildutako herritarrak Uraren lokarriak izeneko ikuskizunak. Izenburuak esan bezala, urak egin du lokarria, iturburutik itsasora, Nuarbe eta Zarautz lotuz, Angel Otaegi eta Juan Paredes Manot Txiki gogoan. Iragana, oraina eta etorkizuna batu ditu herriko zenbait sortzailek hainbat kultur diziplina uztartuz osatu duten herri ikuskizunak.

Herritik Soreasuko aterainoko bidea trikitilariek egin dute, Sanjuandegitik abiatu eta herri osoa igaroz iritsi dira antzokiaren atera. Behin antzokian, bi aurkezlek 50 urte atzera egin dute, garaiko efemeride zaparrada aipatuz.

1970eko hamarkadarako atzerako bidea kantuan ere egin dute, eta ahotsak gorputzari eman dio lekukoa. Dantzan 1975eko irailaren 27ko Otaegiren eta Txikiren nahiz Baena, Sanchez Bravo zein Garcia Sanz FRAPeko militanteen fusilaketa irudikatu du dantzari bakar batek. Otaegiren ama zenaren –Maria Otaegi– ahotsetik ere entzun da fusilaketa aurreko egunak nola bizi izan zituzten; ikus-entzunezko batean amari egindako elkarrizketa zati bat eman baitute Soreasuko pantaila handian.

Emanaldiari segida, abesti zaparrada batek eman dio. 70eko hamarkadako eta egungo abestien hitzak eta doinuak zabaldu dituzte antzokian barrena, musikaz lagunduta, Azketakoen nahiz herriko beste abeslari batzuen ahotsean. Memoria gaur egungotik gogoratu dute Otaegi ezagutu zuten hainbat herritarrek, hala ikaskidearen, lagunen, ezagunen nahiz etxekoen testigantzak entzun dira.

Ikuskizunak umore arrastoa txiki bat ere izan du. Bizikleta estatiko banatan, jardunez baina aurrera egin gabe. Bizitzaz, gizarteaz, lehengoaz eta oraingoaz, belaunaldien arteko begiradaz, ikuspegiez... jardun dute aktoreek. Amets bakarrik ez dela egiten, eta etorkizunerako elkarren beharraz ere aritu dira.

Ikuskizuna bukatzeko, uraren lokarriari segika musikak eta kantuak hartu dute berriro beren lekua. Antzokian bildutakoak zutik jarrita eta txaloka zirela piztu dituzte Soreasuko argiak. Emanaldira joandakoek asko eskertu dute herritik eta herriarentzat sortutako ikuskizun hunkigarria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide