Sidenorreko lan gatazka

Sidenorreko langileentzat hitzarmen "duina" aldarrikatzeko, manifestazioa deitu dute ELAk eta LABek

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 27a

Sidenorren Azkoitiko LAB eta ELAko ordezkarien agerraldia gaur. (Ane Olaizola)

Sindikatuen ustez, enpresaren "sendotasun ekonomikoak" ez du hobekuntzarik ekarri Azkoitiko lantegian, eta "borrokan" jarraitzeko prest dira enpresak negoziazio mahaia berriz ireki dezan eta langileek "baldintza duinak" lor ditzaten. Manifestazioa egingo dute martxoaren 7an. 

Sidenorreko Azkoitiko lantegian gehiengoa duten ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean, hango langileen egoera okerrera doala salatzeko eta 2024tik iraungita duten lan hitzarmenaren negoziazioek ez aurrera ez atzera jarraitzen dutela adierazteko. Era berean, mobilizazioekin hastea erabaki dutela jakinarazi dute, eta manifestazioa deitu dute hurrengo larunbaterako, hilaren 7rako: Sidenorren tailerraren aurrean hasiko dute mobilizazioa 11:00etan, eta plazaraino joango dira. Protesta moduan, kanpaldi bat egiteko asmoa ere bazuten beharginek, baina haien arabera, udalak ez die baimenik eman horretarako. 

Azken urteetan jazotakoa errepasatu dute ELAk eta LABek gaurdaino iritsi den egoera azaltzeko. Hain zuzen, duela hamar urte Sidenorrek Gerdau erosi zuenetik, enpresak hango langileei zertan eragin dien adierazi nahi izan dute. Beharginen lan baldintzetan sakondu dute ordezkariek, azalduz azken hamarkadan "nabarmen" igo dela urteko lan kopurua; gaur egun, Gipuzkoako hitzarmenaren gainetik daudela esan dute. Era berean, enpresaren "inbertsio faltak" langileen zahartzean eta ekoizpenaren berregituraketan eragin duela gaineratu dute. 

Bi sindikatuen esanetan, 2018tik 2026ra bitartean 200 lanpostu galdu ditu enpresak Azkoitian, eta belaunaldi erreleboa fabrikan bertan egin beharrean, errelebo kontratuak beste lantegietako langileekin ari dira egiten. "Horrek eragotzi du Azkoitian enplegu egonkorra sortzea, eta arriskuan jartzen du lantegiaren jarduerarekin jarraitzea". 

Hain zuzen, langileen behin-behinekotasuna ere izan dute hizpide: enpresak egiturazko lanpostuak ebentualekin betetzen dituztela salatu dute, eta behin-behieneko kontratuak dituztenen egoera "oso larria" dela gaitzetsi. Izan ere, horietako "askok" zazpi, zortzi edo bederatzi urte daramatzate behin behinean, eta "egun batetik bestera" kaleratzen dituzte, ELAren eta LABen esanetan. 

Soldatei dagokionez, egungo lansariak 2014koen "antzekoak" dituzte, eta beraz, langileak egun "askoz pobreagoak" direla azpimarratu dute, ordutik hona KPIa %20 igo delako eta bizitzaren kostu erreala ere "askoz gehiago" hazi delako. Gaineratu dutenez, duela hamar urte ekoizpen prima kendu egin zien enpresak, hilean 150 euro murriztu zien orduan Sidenorrek, "aurrerago itzultzeko konpromisoarekin", baina oraindik ez die dirurik itzuli. 

Urte eta erdiz luzatu den aldi baterako lan erregulazio espedientea ere gogoratu dute beharginek, eta salatu dute "neurriz kanpokoa" izan dela; "enpresak espedientea erabili du langileei xantaia eta hertsapena egiteko, eta batez ere Tren Handian ezarri da. Langileen egutegia nahieran erabiltzeko ere baliatu du enpresak neurri hori, astero abisatzen baitziguten lanera joan behar al genuen ala langabeziara bidaltzen gintuzten". 

Bien bitartean enpresak izan dituen mozkinen berri eman dute langileen ordezkariek: haien arabera, 2016tik hona 500 milioi euroko irabaziak izan ditu Sidenorrek, eta gaur-gaurkoz, enpresaren ondare garbia 350 milioi eurotik gorakoa da; "paradoxikoki, sendotasun ekonomiko horrek ez du hobekuntzarik ekarri Azkoitiko lantegiarentzat, ezta bertako langileentzat ere", berretsi dute. 

Helburua, negoziazioa

Bestalde, 2024tik iraungita duten hitzarmena berritzeko premia mahai gaineratu dute sindikatuek. Gogoratu dute iazko martxoan negoziazio mahaia ixtea erabaki zuela enpresak, hark ezarritako ultimatumaren erdian, ez zelako sindikatuekin ados jarri. Ordutik, berriz negoziatzen hasteko "bitarteko guztiak" erabili dituztela adierazi dute, baina enpresak "katramilatuta" jarraitzen duela salatu dute: "Ez du onartu nahi langileek eskatzen dutena: mahaia berriro irekitzea". Egoera horretan, bi sindikatuen nahia zera da: "Lantaldea gaztetzea, enpleguari eustea, azken urteetan kendu dizkiguten eskubideen zati bat berreskuratzea eta erosteko ahalmena gehiago galtzen ez jarraitzea". Horretarako helburu bakarra negoziazio mahaia irekitzea dela azpimarratu dute, baina ohartarazi dute ez dutela "txeke zuririk" emango. 

Horregatik guztiagatik, hainbat ekintza egitea erabaki dute; besteak beste, hilaren 7ko manifestazioa. Horrez gain, joan den asteazkenetik hilaren 7ra bitartean enpresako langile ordezkarien gelan 24 orduz egoteko asmoa zuten bi sindikatuek, negoziazioak berriz irekitzeko asmoz, baina adierazi dute enpresak ez diela utzi 18:00etatik 08:00ak artean han egoten. Horien arabera, ondoren, idatzi bat aurkeztu zioten udalari, batzordeko zortzi kideek kanpaldi bat egiteko asmoa zutelako, baina erakundeak eskaera horri ezezkoa eman diola esan dute. "Pena da udalak bizkarra eman izana Sidenorreko langileoi gai honetan". 

Hala ere, enpresako zuzendaritzari zein "bidean harriak" jarri nahi dizkienari adierazi diete "borrokan" jarraituko dutela negoziazio mahaia berriz ireki eta hurrengo hitzarmena "baldintza duinekin" lortu ahal izateko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide