ELA eta LAB sindikatuek agerraldia egin orduko etorri da Sidenorren erantzuna. Enpresak ulertezintzat jo du bi sindikatu horiek sorrarazi dute egoera, joan den urtean erreferendum bidez langileen %85ek onartu zuten lan hitzarmena sinatzeari uko egin ziotela argudiatuta. Enpresak zehaztu duenez, hamabost hilabeteko negoziazioen ostean eta "ELAren eta LABen immobilismoaren aurrean", Azkoitiko lantegiko langileak galdeketa hori gauzatu beharrean ikusi ziren, bi sindikatu horiek gehiengoa dutelako langileen batzordean.
Enpresak gogorarazi du ELAk eta LABek soldatak %50 igotzea exijitzen zutela, baina ziurtatu du horrek, "lantegiaren beraren bideragarritasuna eta hango langileen etorkizuna arriskuan" jarriko zituela. "Kontuan izan behar da enpresa une oro egon zela negoziatzeko prest, eta Eusko Jaurlaritzaren lan gatazkak konpontzeko zerbitzuari (PRECO) bitartekaritza laguntza ere eskatu ziola", baina gaineratu du 2025ko martxoaren 20an negoziazioak bertan behera utzi zituztela, ELAk eta LABek ez zutelako euren jarrera aldatu.
Enpresak zehaztu duenez, gerora, enpresako akordiora atxikitzeko aukera jarri zuten mahai gainean UGT eta CCOO sindikatuek, baina horri ere uko egin zioten ELAk eta LABek. "Sidenor enpresa arduratsua da eta konprometitua da bertan lan egiten duten pertsonekin eta tamalgarritzat jotzen du ELAk eta LABek sortutako egoera", adierazi du.