LAB eta ELA sindikatuen agerraldiaren ondotik igorri du komunikatua Sidenorrek gaur eguerdian, eta UGT, CCOO eta USO sindikatuetako ordezkariek ere egin dituzte adierazpenak Sidenorrek Azkoitian duen plantaren egoeraz. Ohar bidez adierazi dute egiten duten balorazioa eta enpresa batzordean proposatuko duten erabakia.
UGTren, CCOOren eta USOren hitzetan, uneotan Azkoitiko enpresa "blokeo iraunkorrean" dago, eta haien hitzetan, horrek ez dio mesederik egiten langileen interesei. Era berean, nabarmendu dute "blokeo egoera" horrek kalte egiten diola "lantegiaren oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar den egonkortasunari". Horrenbestez, UGTk, CCOOk eta USOk enpresa batzordearen dimisio osoa proposatuko dute, "hauteskunde sindikal aurreratuen deialdia errazteko eta plantillako langileek egokitzat jotzen duten talde edo orientazio sindikala berriro erabaki ahal izateko".
Nabarmendu dute alderdikeriak albo batera utzita eta haien konpromisoak lehenetsita egingo dutela proposamena: "Plantillaren interesak defendatzea, negoziazioaren alde egitea funtsezko tresna gisa, eta langileen gehiengoaren borondatea errespetatzen dela bermatzea".