Balenciagako Langileen Batzordea arratsaldean bilduko da epaileak baimendu duen salerosketa protokoloa aztertzeko

Aitziber Arzallus 2025eko abenduaren 1a

Duela urtebete Balenciagako langileek egin zuten elkarretaratze bat. (Guka)

Epaileak baimendutako protokoloan, "alde bakarreko aldaketak" txertatu dituzte langileen baldintzetan, eta, besteak beste, horiek zer ondorio ekarriko lizkiekeen argitu nahi dute langileek. Salerosketak aurrera egiteko baldintzetako bat langileek operazioa babestea da; beraz, orain, langileek dute hitza.  

Balenciagako Langileen Batzordea gaur arratsaldean bilduko da ontziolaren salerosketarako epaileak onartutako protokoloa aztertzeko. Izan ere, Donostiako Lan Arloko Epaitegiak baimena eman dio Safeen Drydock taldeari –Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Port Groupek eta Ameriketako Estatu Batuetako Premiere Marinek osatutako taldea– Zumaiako ontziola erosteko, baina erosketa gauzatu ahal izateko, oraindik bi baldintza bete beharko ditu inbertsio taldeak: bata, langileen oniritzia lortzea; eta bestea, Jaurlaritzak lurrak lagatzea. Jaurlaritzaren baldintza izapide administratibo bat da, eta behin salerosketa sinatuta eta ontziolak jabe berria izanda gauzatu behar da; beraz, langileek dute hitza. 

Hain zuzen ere, gaur arratsaldean horretarakoxe bilduko dira enpresako Langileen Batzordea osatzen duten CCOO eta LAB sindikatuen ordezkariak: epaileak ontzat eman duen salerosketa protokolo horrek zer lekutan uzten dituen aztertzeko, eta ontziolaren salerosketa babestu ala ez erabakitzeko. Izan ere, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak adierazi duenez, azken protokoloan "alde bakarreko aldaketak" txertatu dituzte langileen baldintzetan, eta horrek kezka eragin du langileen artean. 

CCOOren ordezkariek Gukari adierazi diotenez, ontziolako 59 langileen lan baldintzak eta lanpostuak bermatzen dituen "auto judiziala berretsi" nahi dute. "Atzo sinatutako akordioa operazioa ixteko protokolo bat da, eta langileek ez dakite oraindik zer ondorio ekarriko dizkien adostasun horri baiezkoa emateak". Nabarmendu dute informazioa falta zaiela, esaterako, akordiora iristeko epeen inguruan. "Adostasun batera iritsi nahi dugu, baina era berean, akordio hori zentzuzkoa izatea nahi dugu".

Guka LAB sindikatuarekin ere harremanetan jarri da, baina haiek, oraingoz, ez dute adierazpenik egin nahi izan. Arratsaldeko bilera eta gero, bihar edo etzi agerraldia egingo dutela esan dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide