Balenciaga ontziolak urtebete darama itxita, hartzekodunen lehiaketan. Eta hainbeste itxarondako albistea iritsi da, azkenean: epaileak ontzat jo du Abu Dhabi Ports eta Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak Zumaiako ontziola erosteko mahai gainean jarri duten salerosketarako protokoloa. Asteburu guztia negoziatzen aritu ostean, gaur arratsaldean itxi dute akordioa Madrilen. Arabiar Emirerri Batuetako taldeak 11,2 milioi euro jarriko ditu ontziola berriro ere martxan jartzeko. Itsas garraioaren arloan, munduko talderik handienetakoa da Abu Dhabi Ports.
Hitzarmena sinatuta, orain beste bi baldintza bete behar dira salerosketa gauzatu ahal izateko: alde batetik, enpresa batzordearen oniritzia behar dute; hau da, langileek ontzat eman beharko dituzte proposatutako baldintzak salerosketa gauzatu ahal izateko, eta bestetik, Eusko Jaurlaritzak bere lurrak inbertsio taldearen esku utzi beharko ditu. Dena dela, gaurko sinadura ezinbestekoa zen salerosketaren oinarriak jartzeko.
Mikel Jauregi, pozik
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua pozik agertu da akordioa sinatu berritan. "Oso modu positiboan baloratzen dugu. Berri bikaina da, eta denok poztu behar gara. Gaurkoa egun handia da Euskadirentzat, gure industriarentzat, euskal ontzigintzarentzat, Zumaiarentzat, eta Balenciagako langileentzat, bai eta haien familientzat ere, azken hilabeteetan ziurgabetasunean bizi izan direlako".
Jauregik nabarmendu du krisi egoeran dauden enpresei irtenbidea bilatzeko Jaurlaritzak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela Abu Dhabi Portsen proposamenak. "Hauek dira baldintzak: enpresaren etorkizuna bermatzea, inbertsore industrial sendo bat izatea, kudeaketa gaitasuna egiaztatua egotea, eta etorkizuneko plan bat aurkeztea, enpresaren jarduera bermatzeko eta kalitatezko enpleguari eusteko. Inbertsore berriak baldintza horiek betetzen ditu".
Sailburuak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten guztiei, egindako lanagatik, eta aipamen berezia egin dio Industria Sustatzeko sailburuordetzako taldeari, "lan handia egin duelako". Jauregik, dena den, adierazi du akordioa lortu artekoa ez dela prozesu erraza izan. "Bidean aurkitu ditugun zailtasunak zailtasun, ez gara inoiz ezkortasunean erori. Gogor lan egitea, zuhurtziaz eta diskrezioz, oso garrantzitsua da horrelako prozesuak aurrera eramateko. Akordio hau konpromiso honen emaitza da", esan du.