Arabiar Emirerri Batuetako Abu Dhabi Port Groupek eta Ameriketako Estatu Batuetako Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldeak atzo lortu zuen Zumaiako Balenciaga ontziolaren salerosketa protokoloaren akordioa. Donostiako Lan Arloko Epaitegiak eman dio horretarako baimena, eta taldeak 11,2 milioi eurotan eskuratuko du ontziola. Dena den, akordio hori ixteko langileen oniritzia beharko du taldeak, eta hortxe dago, gaur-gaurkoz, koxka.
Hain zuzen ere, Safeen Drydock taldeak bi baldintza bete behar ditu salerosketa gauzatu ahal izateko: batetik, langileek onartu behar dute proposamena, eta bestetik, Jaurlaritzak bere lurrak inbertsio taldearen esku utzi beharko ditu. Langileekin hitz egiten saiatu da Guka, baina oraingoz, ez du haien adierazpenik lortu. Jaurlaritzaren baldintza, berriz, izapide administratibo bat da, eta behin salerosketa sinatuta eta ontziolak jabe berria izanda gauzatu behar da.
Horren aurrean, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak gogorarazi du salerosketa behin betiko egiteko bi baldintza horiek bete behar dituela taldeak, eta esan du langileekin itxi beharreko akordioan dagoela "korapiloa". Izan ere, hark esan duenez, azken protokoloan "alde bakarreko aldaketak" txertatu dituzte langileen baldintzetan. Alkateak esan du langileak kezkatuta daudela horrekin, eta berak bat egiten duela beharginen kezkarekin.
Gainera, hark esan du epaileak erosle berriaren proposamena onartu duela, baina baldintza batekin: langileen baldintzak mantentzea. Bestelakoan, ontziola berpiztea "albiste ona" dela esan du Ostolazak, baina haren hitzetan, hori ezin da egin langileen eskubideen kontura. "Prozesu honek hilabeteak daramatza luzatzen, eta azken momentuan langileen baldintzak kaltetzen dituen planteamendua egitea ez da onargarria. Bide luzea egin dugu denok, eta ez dugu nahi langileak izatea faktura ordainduko dutenak".
Zumaian ontziolaren jarduera ekonomikoa berriz hastea "garrantzitsua" dela uste du alkateak, baina ez "edozein preziotan". Izan ere, haren ustez, herritarrentzat "oso garrantzitsua" da jarduera ekonomikoa berriz hastea, ez Zumaiarekin lotura zuzena duelako soilik, inguruko industriarentzako motorra delako ere bai. Dena den, zera zehaztu du Ostolazak: "Hori guztia ezin da egin langileen baldintzen kontura. Aurrera egin behar da, bai, baina lan baldintza duinak mantenduta".
Gaur-gaurkoz egoera "konplexua" dela esan du, baina datozen egunetan aterabidea aurkitzea espero duela: "Konponbidea aurkitzea espero dugu, bi baldintzak betetzea eta ontziolak etorkizun sendoa izatea, langileen eskubideak errespetatuta".