Eneko Urbieta nagusi izan da Itzurungo zaldi lasterketetan

Gorka Eizagirre | Juan Luis Romatet 2025ko mai. 4a, 16:55

Eneritz Etxabe zumaiarra bigarren izan da eta hirugarren Xanti Lazkano getariarra. Hamazazpi parte hartzaile izan ditu aurtengo lasterketak. Eguraldia lagun, ehunka lagun bertaratu dira Zumaiako hondartzara. 

Santelmoetako repetizioekin batera antolatzen diren zaldi lasterketak jokatu dituzte gaur, eguerdi partean, Itzurun hondartzan. Eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, eguzkia izan da nagusi goizean zehar, eta horrek herritarrak zein bisitariak Itzurunera gerturatzera animatu ditu. Itsasgora zela eta, hondarretara ezin izan dute ikusleek jaitsi, baina hondartza bertatik edo labarretatik jarraitu ahal izan dute ikuskizuna. 

Hamazazpi parte hartzaile izan ditu aurtengo edizioak. Iazko irabazle Itxasne Azpillagak ezin izan du etorri, azken orduan izandako ezbehar bat dela eta. Hala ere, parte hartu duten zaldunek eta zaldiek ikuskizun aparta eskaini dute.

Aurtengo lasterketako irabazlea Eneko Urbieta zumaiarra izan da, Leurs zaldiarekin. Hasieratik erasora joan da, eta gai izan da amaierara arte buruan joateko. Bigarren, Eneritz Etxabe zumaiarra sailkatu da, Rumbo zaldiarekin. Iaz, hirugarren egin zuen Etxabe gaztea. Hirugarren, berriz, Xabin Lazkano getariarra sailkatu da, Krestot zaldiarekin. Kontsolazioko finaleko irabazlea, berriz, Gaizka Villanueva izan da, Tximista zaldiarekin.  

Erlazionatuak

Itzurungo zaldi lasterketa, argazkitan

Juan Luis Romatet mai 04, 16:10 Zumaia

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide