Zestoako EAJk hainbat ohar bidali ditu azkenaldian hedabideetara; joan den astean, etxebizitzaren arloan herrian "aurrerapausorik ez" dela eman salatu zuen, eta atzo, berriz, "Arroaerrekako autobus geltokira iristeko sarbide segurua" proposatu zuen. Albiste horiei erantzunez, ohar bat kaleratu du orain Zestoako EH Bilduk, eta "enegarrenez", jeltzaleei "seriotasuna" eskatu die.
"Beste behin, nahiz eta azkenaldian maizegi Zestoako EAJk ohituak gauzkan antzeko zentzugabeko eta errealitatez kanpoko idatziak irakurtzera, Zestoako EH Bilduk gutxieneko zintzotasun eta seriotasunez jokatzeko eskatzen dio Zestoako EAJri". Izan ere, koalizioaren arabera, "azken idatziek argi erakusten dute hauteskundeak hurbil egoteak sortzen duen urduritasuna Zestoako EAJk ez dakiela nola kudeatu, eta horrelakoetan ohikoa den bezala, egiak ez diren asmakizunetara jo du Zestoako EAJk".
EH Bilduk gogora ekarri duenez, etxebizitza politikari dagokionez, "aurpegirik gorritu gabe", EAJk dio Zestoako Udalak ez daukala plangintzarik. "Noiz eta eremu tentsionatu izatea lortu duen erkidegoko herririk txikiena garenean eta hori lortzeko hiru urteko ekintza plan politiko tekniko oso bat aurkeztu behar izan duenean udalak Eusko Jaurlaritzan. Horri esker, besteak beste, putre funtsek Zestoan ezingo lukete esku hartu".
Koalizioaren esanetan, "dirudienez, Zestoako EAJk oraindik Zestoako Udalak egindako diagnostiko eta ekintza planik ez du irakurri edo dagoenik ere ez daki". EH Bilduk gogora ekarri du azken udal aldizkarian labur bilduma bat argitaratu zutela gai horren inguruan, eta joan den apirilean Zestoako alkateak, Pasaiako (Gipuzkoa) eta Arrasateko (Gipuzkoa) alkateekin eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuarekin batera, beren herrietako planak aurkeztu zituztela.
"Bestalde, ez dakigu nondik atera duen EAJk postetxe zaharra kokatua zegoen eta Kale Okerrean udalak eskuratu eta eraitsi dituen eraikinetako orubeen garapena blokeatuta omen dagoenaren gezurra", gaineratu du EH Bilduk. "HAPO edo plan orokorrak postetxeko gunean lehen baino solairu bat gehiago eraikitzeari eragiten dio, baina horrek ez du esan nahi garapena blokeatua dagoenik".
Koalizioak nabarmendu du Zestoako Udalak aipatu orube horiek Etxebizitza sailari zesioan eman nahi dizkiola, sail horrek gune horretan etxebizitza sozialak eraiki ditzan. "Baina, horretarako, etxebizitzak arrazoizko denboretan eraiki ahal izateko bermeak behar ditu udalak, etxebizitza publikoak amaitzean gaur gazte direnek artean gazte izaten jarrai dezatela, alegia. Eta denok dakigu Eusko Jaurlaritzako maizter nagusia zein alderdi politiko den, beraz, beste behin, Zestoako EAJri umiltasun apur bat ez litzaioke gaizki etorriko".
Arroarrekako autobus geltokiaz
Etxebizitzaren gaiari lotutakoei ez ezik, Arroaerrekako autobus geltokiaren ingurukoei ere erantzun die Zestoako EH Bilduk. Markesinaren inguruan, "berriro ere asmakizun eta gezurrak nagusi" direla dio koalizioak. "Arroaerrekako bizilagunek errepide azpiko pasagunea egitea eskatu zuten, eta udal gobernua Errepide saileko arduradunekin harremanetan jarri zen (foru diputatua eta zuzendaria). Horiek bertan izan zirelarik, garbi adierazi zioten udalari errepide azpiko pasabiderik ezingo zela egin. Hori horrela, udal gobernuak proposatu zuen irtenbide gisa bidegorria baliatu eta lehengo errepide zaharrarekin lotuta markesinarako bidea egitea".
Hori guztia kudeatzeko, udal gobernuak bailarako bizilagunekin batzarrak egin izan dituela azpimarratu du EH Bilduk, eta "orain EAJk bere" egin nahi duela azken proposamen hori. "Duela urtebete pasa egindako batzarrean bertako bizilagunek ez zuten begi onez ikusi, bidea luzeegia zelako eta jendeak errepidea gurutzatzen berdin jarraituko lukeelako. Beraz, ez dakigu nola arraio atera duen orain EAJk edo oposizio buruak kontu hau, alkateari eta udal hirigintza teknikariei deus esan gabe eta inongo udal batzordetan ezer aurkeztu gabe".
Amaitzeko, udal hauteskundeak gertu direla baliatuta, "elektoralismo merkea eginez etxebizitza bezalako gai serio batekin inolako oinarririk gabeko idatziak publiko egitea benetan gaitzestekoa" da EH Bildurentzat, eta Zestoako EAJri adierazi dio, "proposamenik badu", badaukala non aurkeztua eta landua.