Etxebizitzaren arloan herrian "aurrerapausorik ez" dagoela salatu du Zestoako EAJk

Andoni Elduaien

Kale Okerra. (Zestoako EAJ)

Zestoako EAJk etxebizitza babestuen arloan udal gobernua "geldirik" dagoela salatu du. Era berean, Kale Okerra, Correos eta egiteke dauden gainerako proiektuak desblokeatzeko urratsak egitea eskatu dio hari. Gainera, babestutako etxebizitzak sustatzeko plana galdegin dute jeltzaleek.

Zestoako EAJren udal taldeak "kezka" agertu du gaur, astelehena, herrian etxebizitzaren arloan "aurrerapausorik ez" dutelako ikusten. Jeltzaleek ohar bidez adierazi dutenez, azken osoko bilkuran herrigunerako aurreikusitako proiektuei buruz galdetu zioten udal gobernuari, baina haren partetik jasotako erantzunek "agerian" utzi dute, jeltzaleen arabera, "egoera kezkagarria" dela. "Epe laburrean etxebizitza babestu edo tasatu berriak egiteko aurreikuspenik ez dago", azaldu du Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren bozeramaileak.

Horrez gain, Kale Okerra, Correos eta egiteke dauden gainerako etxebizitza proiektuak desblokeatzeko urratsak egitea eskatu du alderdi jeltzaleak. "Kale Okerra eta Correos eremuetako garapenak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) onarpenaren menpe daude, eta plan hori urteetako atzerapena ari da pilatzen. Bitartean, Toribio Altzagako etxe zuriek esku hartzeak behar dituzte, eta udal ez du aurreikusten Arozenan zuzenean jardutea, ezta Artetxe hotelaren inguruko higiezinak erostea ere. Bestalde, Idiakaitzen aurreikusitako etxebizitzak merkatu librekoak izango dira", esan du hark.

EAJren arabera, etxebizitzaren arazoa "larria eta premiazkoa" da. "Gure gazteek benetako aukerak behar dituzte Zestoan bizitzen jarraitu ahal izateko, baina udal gobernuaren erantzunek ez dute irtenbiderik eskaintzen ez epe laburrera, ez ertainera. Ezin dugu atzerapenak pilatzen jarraitu, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak gero eta handiagoak diren bitartean", adierazi du Mendizabalek.

Era berean, jeltzaleek "deitoratu" egin dute hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeko udal gobernuak ez duelako "neurri zehatzik" aurkeztu, eta gogorarazi dute Zestoa tentsio handiko etxebizitza eremu izendatzeak, bere horretan, ez duela arazoa konponduko. "Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen tresnak aktibatuko ditu, hala nola Bizigune edo Emantzipa programak, baina udalak ere bere erantzukizuna hartu behar du", esan du EAJren bozeramaileak. Haren esanetan, Zestoak "etxebizitza plan bat" behar du, baita inbertsioak eta egiteke dauden proiektuak desblokeatzeko borondatea ere. "Ez da nahikoa arazoa identifikatzea; neurri zehatzak hartu behar dira", gehitu du Mendizabalek.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide