Arroaerrekako autobus geltokira iristeko sarbide segurua proposatu du Zestoako EAJk

Iraia Oteiza

Zumaia aldera joateko Arroarrekan dagoen autobus geltokia. (Zestoako EAJ)

EAJk salatu duenez, EH Bilduren udal gobernuak ia bi urtez ez dio erantzunik eman auzotarren eskaerari. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean irtenbide bat bultzatu duela nabarmendu dute Zestoako jeltzaleek. 

Arroaerrekako bizilagunek Zumaiarako noranzkoan dagoen autobus geltokira segurtasunez iristeko egindako eskaerari erantzuteko proposamen bat bultzatu du Zestoako EAJk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Jeltzaleek ohar bidez jakinarazi dutenez, egungo bidegorriaren trazadura aprobetxatuz, sarbide bat egokitzea eta ibilbidean argiteria jartzea aurreikusi dituzte. 

Orain arte, auzotarrek errepidea gurutzatu behar izan dute Zumaiara autobusa hartzeko. EAJren arabera, bizilagunek duela ia bi urte helarazi zioten egoeraren berri Zestoako Udalari, eta, erantzunik jaso ez zutenez, sinadura bilketa egin eta talde jeltzaleari laguntza eskatu zioten. Hori hala, Zestoako EAJko bozeramaile den Garikoitz Mendizabalek udal gobernuaren jarduna kritikatu du. "Zaila da ulertzea Zestoako EH Bilduk ia bi urte pasatzen utzi izana gure bizilagunen segurtasunari zuzenean eragiten dion arazo bati irtenbiderik eman gabe. Ez gara aparteko eskaera batez ari, garraio publikora modu seguruan iritsi ahal izatea bezain oinarrizkoa den zerbaitez baizik", adierazi du. 

Alderdiak azaldu duenez, auzotarren kezka jaso ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri zen, irtenbide bat bilatzeko. Egindako gestioen ondorioz, autobus geltokirainoko sarbidea egokitzea eta bidean argiteria jartzea planteatu dituzte, oinezkoen joan-etorriak seguruagoak izan daitezen.

Mendizabalen hitzetan, auzotarren eskaerari erantzuteko erakundeen arteko elkarlana funtsezkoa izan da. "Bizilagunek arazo bat mahai gainean jartzen dutenean, beren ordezkariengandik espero dutena inplikazioa eta konponbideak bilatzeko borondatea da. Kasu honetan, EH Bilduk ez du erreakzionatu, eta egoera desblokeatzeko EAJk bere gain hartu behar izan du ekimena, aldundiarekin elkarlanean", adierazi du.

EAJk positibotzat jo du auzotarren aldarrikapenari erantzuteko irtenbide bat aurreikusi izana, eta herritarren eguneroko arazoei heltzeko udal erakundeen inplikazioa eskatu du. "Zestoak ezin du geldialdian eta erantzun faltan oinarritutako udal kudeaketarik onartu", gaineratu du Mendizabalek.

Azkenik, bozeramaileak azpimarratu du herritarren eskaerei erantzuteko konpromisoa beharrezkoa dela: "Aldea kudeaketan dago. EH Bilduren aldetik ia bi urtez aurrerapausorik izan ez den bitartean, EAJk auzotarrak entzun ditu, beharrezko ateak jo ditu eta irtenbide zehatz bat lortzeko lan egin du. Horixe da Zestoak behar duen konpromisoa: geldialdi gutxiago eta herritarren benetako arazoei erantzun gehiago", amaitu du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide