Zestoako Udalak 2027rako udal ordenantzak %2,5 igotzea onartu zuen atzo, osteguna, egindako ohiko udalbatzarrean. EH Bilduko zein EAJko udal ordezkari guztiek aho batez onartu zuten udal gobernuak proposatutako igoera. Mikel Arregi alkateak esan zuen aurreko urteetan urrian onartu izan dituela erakundeak ordenantza fiskalak, baina, aurten, hilabete aurreratu dutela lanketa. Hain justu, hark azpimarratu zuen %2,5eko igoera hori "orokorra" izango dela.
Alkateak azaldu zuen igoera aplikatzeko erabakia hartu dutela "inguruko herriek" ere datorren urtera begira, eta bide bera jarraitu dutela Zestoan. "Udal batzuek %2ko igoera onartu dute, eta beste batzuek, %3koa. Hori ikusita, guk %2,5eko igoera orokorra aplikatuko dugu". Era berean, esan zuen aldaketa batzuk txertatu dituztela proposamenean. Hondakinen kasuan, horien %100eko estaldura tarteko, zerga aldaketa bat ezarri zuten iaz. "Europako zuzentarau batzuen arabera, hondakinen tratamenduak eta bilketak ezin die erakunde publikoei defizit publikorik sortu, eta egokitzapen batzuk egin behar izan dira aurten horretarako". Kiroldegiaren tarifan ere "eguneraketa batzuk" egin ditu udalak, erabilerari lotuta zeuden "zentzurik gabeko aukerak" kenduz eta bestelakoak gehituz.
Dena den, ordenantza fiskalen puntuari lotutako beste zenbait gai ere hizpide izan zituzten atzo udaletxeko bilkura aretoan. Batetik, Zestoako hiri trafikoa eta autokarabanentzako zerbitzuak arautzeko ordenantzaren aldaketa puntualaz aritu ziren, eta hura ere aho batez onartu zuten. Aurten onartu du udalak Estazioko gunea autokarabanek erabiltzea arautuko duen ordenantza. Araudia onartuta badute ere, erakundeari araudi horren menpeko ordenantza fiskalak zehaztea falta zitzaion, eta hain justu, horixe egin zuten atzo. Urte honen amaierara arte doakoa izango da eremuan egonaldia egitea, baina 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, tarifa bat ordaindu beharko dute erabiltzaileek.
Alkateak esan zuenez, udalak bilerak egin ditu erabiltzaileekin eta enpresetako arduradunekin, eta bilera horietan hainbat eskaera jaso zituen erakundeak. Hasiera batean, udalak ordenantzan jaso zuen Estazioan iraupen luzeko egonaldia –urte osoa– edota iraupen laburrekoa –hiru egun– egin ahal izango zirela. Ordea, bi aukera horiez gain, bertan jarduera ekonomikoa dutenentzako aukera ere jarriko dute. "Gune horretan jarduera ekonomikoa duten zenbait enpresa interesatuta daude iraupen luzeko egonaldietarako plazak hartzeko, eta horregatik, sei plaza egokituko ditugu araututako gune batean industrialde horretan jarduera ekonomikoa duten enpresentzat", esan zuen alkateak. Autokarabanentzako eta iraupen luzerako, berriz, hemezortzi plaza prestatuko ditu udalak, eta 40 plaza, hiru eguneko egonaldi turistikoa egiten dutenentzat.
Prezioak ere finkatu ditu erakundeak: iraupen luzeko egonaldiagatik nahiz jarduera ekonomikoagatik 100 euro ordaindu beharko dituzte erabiltzaileek, eta iraupen motzeko egonaldiagatik, 5 euro. Tarifa horien barruan sartuko dituzte ura hartzeko edota ur zikinak isurtzeko zerbitzuak. Udalaren asmoa da urtea amaitu aurretik Estazioko aparkalekuekiko interesa dutenentzako deialdia zabaltzea. Dena den, alkateak atzo aurreratu zuen "plaza kopurua baino eskaera gehiago jasoz gero zozketa" egingo dutela. Sistema digital baten bidez kudeatuko ditu udalak tarifak, eta Udaltzaingoak ere kontrola izango du, egonaldia nork ordaindu duen edota nork ez zaintzeko. "Pintaketak-eta eginda daude, baina azkeneko ukitu batzuk falta dira guztiz egokitzeko", adierazi zuen Arregik.
Egonaldi turistikoena ere bai
Bestetik, Zestoako egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala zehaztea ere ontzat jo zuen udalbatzak. Alkateak nabarmendu zuen egonaldi turistikoen tasa, Zestoaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun sailak kudeatzen duela, baina udalak "behartuta" daudela modu batera edo bestera tasa hori onartzera. Horretarako, bi aukera daudela adierazi zuen Arregik: "Udalak bere erabakia hartzea da aukeretako bat, edota Ogasun sailak zehaztutako gehieneko tasa aplikatzea, bestea. Hori hala, Zestoako Udalak erabakia bere kabuz hartzea erabaki zuen atzo, nahiz eta hori aplikatzeko taula Ogasun sailak zehaztutakoa izan.
Egonaldiengatiko tasa turistikoa egonaldia egiten duten pertsonei aplikatzen zaie, eta ez turismora bideratuta lan egiten duten guneei. Hori hala, Ogasun sailak tasa hori aplikatzeko gutxieneko preziotik hasi eta gehiengora arteko taulak ditu. "Kostaldetik gertu gaude, baina ez gara turismoak bereziki erasandako herria. Zestoak, duela urte batzuk, turistentzako 2.000 plaza baino gehiago zituen, baina gaur egun 450-500 artean ditu". Hori guztia aintzat hartuta, Zestoak Ogasun sailaren gutxieneko erreferentziazko taula hobetsiko du datorren urtean turistentzat.
Hori hala, honako tasa hauek ordaindu beharko dituzte halako guneetan egonaldiak egiten dituztenek: Zestoako hoteletan eta apartamentu turistikoetan, 1,5 euro ordaindu beharko da tasa; aterpetxeetan, 0,75 euro; landetxeetan, 0,5 euro; eta bestelako turismo ostatuetan, 1,5 euro. Gehienez ere sei eguneko egonaldiagatik ordaindu beharko dute turistek; izan ere, hortik gorako egonaldiengatik ez dute tasarik kobratuko.