Aurrez Zestoan motorrak berotzeko jai giroko hainbat ekintza izan badituzte ere, gaur, larunbatez, hasi dituzte festak ofizialki, txupinazoa botata. Lehenik, Mikel Arregi alkateak hartu du hitza, eta besteak beste, genero berdintasuna, herrigintza nahiz euskara jarri ditu erdigunean. Era berean, aurten txupinazoa jaurtitzeko ohorea izan duen Zestoa Osasuntsu taldeak egiten duen lana goraipatu du. Ondoren, talde horretako Arantxa Rezabalek irakurri du pregoia, eta Antton Etxeberriak piztu du txupina. Txupinazoaren ostean, Rezabalekin eta alkatearekin hitz egin du Gukak.
Suziria lehertu ostean, herriko bandaren, buruhandien, txistularien eta abarren kalejira izan da, eta haurrek ere izan dute zertaz gozatua; izan ere, jolas parkea jarri dute frontoian. 12:30ean, paella lehiaketarako prestaketak hasi dituzte herriko kuadrillek, eta horietako zenbaitekin hitz egin du Gukak. Marafiki izan da aurtengo paella lehiaketako irabazlea, iazko talde bera.