Aurrez Zestoan motorrak berotzeko jai giroko hainbat ekintza izan badituzte ere, gaur, larunbatez, hasi dituzte festak ofizialki, txupinazoa botata. 12:00etan ziren suziria jaurtitzekoak, baina elizako kanpaiak tarteko, nahi baino beranduago bota behar izan dute azkenean; dena den, orduak agintzen zuena baino beranduago baina umore giro ederrean, lehertu da suziria eta amabirjinetan bete-betean murgildu da Zestoa.
Aurtengoan, Zestoa Osasuntsu taldekoek izan dute suziria pizteko ohorea; talde horretako Antton Etxeberriak piztu du txupina, eta Arantxa Rezabalek irakurri du pregoia. Festen atarian, udala beraiekin gogoratu izana eskertu du Rezabalek, eta osasunean eta errespetuan oinarritutako jaiak aldarrikatu ditu. Era berean, beraien taldearen parte izatera eta aktibatzera animatu ditu herriko adinekoak. Mikel Arregi alkateak ere hartu du hitza, eta hark ere elkar errespetatzeko eskatu eta genero berdintasuna, herrigintza nahiz euskara jarri ditu erdigunean.
Ondoren, herriko bandaren, buruhandien, txistularien eta abarren kalejira izan da, eta haurrek ere izan dute zertaz gozatua; izan ere, jolas parkea jarri dute frontoian. 12:30ean, paella lehiaketarako prestaketak hasi dituzte herriko kuadrillek, eta lanak amaitzean, herri bazkaria egin dute plazan. Epaimahaiak hala erabakita, Marafikik irabazi du aurtengo paella lehiaketa, iaz bezala. Gainera, egun osoan zehar kalerik kale ibiliko da Ustekabe txaranga.
Hona hemen arratsaldeko egitaraua:
- 15:30-19:30. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan.
- 17:00. Jolasak.
- 20:00. Ustekabe txaranga.
- 22:00. Azax eta Jonkass DJak, txosnagunean.