Zestoako amabirjinak 2026

Pilularik onena, ariketa

Ihintza Elustondo

Jexux Odriozola, Alaitz Egaña, Xabin Azpiazu, Arantxa Rezabal eta Mikel Irure, Zestoako kiroldegiaren atarian. (Ihintza Elustondo)

Zestoa Osasuntsu taldekoek botako dute amabirjinen hasierako txupinazoa. Adinekoak aktibo mantentzeko lan egiten dute, eta jaietan ere ez dira geldituko.

"Zapatilla gehiago, pastilla gutxiago", esan ohi du Jexux Odriozolak, eta ez zaio arrazoirik falta. Adinekoak ariketa fisikoa egitera bultzatzeko sortu zuten Zestoa Osasuntsu 2015ean, baina gaur egun, hori baino askoz gehiago da: kirola egiteko ez ezik, sozializaziorako eta bakardadeari aurre egiteko tresna ere bilakatu da. "Oso ondo pasatzen dugu", dio Arantxa Rezabalek, ongizatean ere laguntzen duen seinale. Bihar Zestoa Osasuntsu taldekoek botako dute amabirjinen hasierako txupinazoa, eta balkoira igoko diren herritarretako bi dira Odriozola eta Rezabal, Zestoako Jubilatuen Elkarteko kideak. Haiekin bildu dira Zestoa Osasuntsu proiektuaren parte diren beste hiru pertsona ere: Alaitz Egaña Zestoako Udaleko Jarduera Fisiko eta Kirol teknikaria; Mikel Irure, urteetan Zestoa Osasuntsu gidatzeaz arduratu dena; eta Xabin Azpiazu San Juan egoitzako langilea. Suziria pizteko prest daude guztiak.

Zestoako Udalak erabaki du jaien hasierako ekitaldian Zestoa Osasuntsu taldeari aitortza egitea, eta, beraz, bihar, 12:00etan, talde horretako hainbat kidek botako dute txupinazoa. Kideei ilusioa egin die beren jarduna kontuan hartu izanak, eta atzera begira jarri dira lehen urratsak nola egin zituzten gogora ekartzeko. Bere garaian, Zestoako Udalaren eskutik, Irurek adineko pertsonei zuzendutako soinketa saioak ematen zituen, eta, gero, irteera batzuk egiten hasi ziren. Pixkanaka, ikusi zuten hor jorratzeko bide bat zegoela, eta urte osoko programa bat antolatzen hasi ziren, Zestoako Zaintza Sarearen barruan. Hala, soinketa saio hutsak zirenak zerbait potoloagoa bilakatu ziren, eta Zestoa Osasuntsu izena hartu zuen egitasmoak duela 11 urte. Gaur egun, ibilaldi motzak nahiz luzeak, osasunari lotutako hitzaldiak, ikastaroak... egiten dituzte, eta herriko hainbat eragilek osatzen dute taldea: Jubilatuen Elkartea, 3Z elkartea, San Juan egoitza, Gisasola egoitza eta Zestoako Udala (Kirol teknikariak eta Gizarte Zerbitzuak).

"Zestoa osasuntsu bat aldarrikatuko dugu, errespetuan oinarritua", diote

Hiru helburu nagusi ditu Zestoa Osasuntsuk: jarduera fisikoaren bitartez adinekoen bizi kalitatea eta osasuna hobetzea, hautatu gabeko bakardade egoerak saihestea elkarguneak eta harreman sareak sortuz, eta aberastasun emozionala nahiz kognitiboa lantzea. Inklusioa bultzatzea ere bada proiektuaren oinarria, eta ildo horretatik, mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonei egokitzen dizkiete irteerak eta hitzaldiak. Ibilbideak irisgarriak izaten dira, eta hainbat erabiltzaile gurpil aulkian bertaratzen dira ibilaldi motzetara. Gainera, ibilaldiak nahiz gainontzeko saio guztiak doakoak dira, eta, beraz, herritar orok du bertaratzeko aukera.

Ariketa bakarrik ez

Hasiera batean, Irurek gidatzen zituen Zestoa Osasuntsuko ibilaldiak, baina duela gutxi erretiroa hartu du, eta Egañak bete du haren tokia. Dena den, Irurek saioetara agertzen jarraitzen du. "Ezin dugu bota", diote gainontzeko elkarrizketatuek, umorez. Argi dago, beraz, saioetan parte hartzen dutenek gustura egiten dutela eta betegarria dela beraientzat egitasmoa. San Juan egoitzako Azpiazuk gaineratu duenez, egoiliarrak zain-zain egoten dira ibilaldietan parte hartzeko: "Egoitzatik ateratzea eta jende ezberdinarekin hartu-emana izatea oso betegarri zaie".

Elkarrizketara bertaratu ezin izan duen Antton Etxeberriak egiten duen lana ere aipatu nahi izan dute elkarrizketatuek. Hark, Zestoa Osasuntsuren alde "lan asko" egiteaz gain, eginkizun garrantzitsu bat betetzen du. "Ibilaldi motzaren bukaeran, txorizoa Anttonek egosten du, eta denok gustura jaten dugu", esan du Rezabalek. Beraz, ez dute kirola bakarrik egiten: "Ez, ez. Sozializazioa ere inportantea da", erantsi du Odriozolak. "Batzuk ibiltzera ez eta pintxoa jatera bakarrik ere etortzen dira", bota du Rezabalek, barrez. Ibilbide motzetan, guztira, 20-25 bat lagun elkartu ohi dira. Irteera luzeetan, bestalde, 40 bat lagun elkartu ohi dira eta zortzi-hamar bat kilometroko irteerak egiten dituzte. "Jende gazteagoa animatu ohi da eta saioek arrakasta dute", azaldu du Irurek.

Festen bezperan, arreta berengan jarri izana aprobetxatu nahi dute elkarrizketatuek oraindik pausoa eman ez dutenak Zestoa Osasuntsuren saioetara animatzeko. "Zestoa Osasuntsu bizirik dago, giro ona dago taldean, eta lagungarria da sozializatzeko. Animatu!", diote.

11 urte dira Zestoa Osasuntsu sortu zela, eta herria orduan baino osasuntsuagoa al den galdetuta, argi diote kideek: "Bai, noski, zalantzarik gabe". Urteotan guztiotan erakutsi dute adinekoek ez dutela zertan geldirik egon. "Ahal duenak ahal duena egin dezala, baina etxean gelditu, ez. Askotan, bakarrik egingo ez zenukeena, taldean errazago egiten da", esan du Rezabalek.

Zestoa Osasuntsuko kideak prest daude biharko une berezirako. Etxeberriak piztuko du suziria, eta Rezabal arduratuko da balkoitik hitz batzuk esateaz. Oraindik ez daki zehatz-mehatz bere ahotik zer irtengo den, baina eman nahi duen mezua zein den argi du: "Zestoa osasuntsu bat aldarrikatuko dugu, errespetuan oinarritua". Eta, noski, "gora amabirjinak, gora Zestoa!" esanez borobilduko dute balkoiko ekitaldia aurtengo txupinazoaren protagonistek.

Urte guztian bezalaxe, festetan ere ez dute etxean gelditzeko asmorik. Odriozola Zestoako Musika Bandarekin ibiliko da hara eta hona, bonbardinoa hartuta; Rezabalek dio iluntzean parrandarako ez duela balio, baina goizean zer egingo duen ikusteko dago. Bakoitzak bere erara, baina aurten modu berezian biziko dituzte jaiak, txupinazoa botatzearen ohorea kolkoan hartuta eta pilularik onena aktibo mantentzea dela ahaztu gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide