Zestoako udaletxeko areto nagusian dagoen egurrezko eserleku historikoaren inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiak egin dituen ikerketa eta kontserbazio lanen emaitzak aurkeztu dituzte gaur goizean Eider Mendoza lurraldeko diputatu nagusiak, Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak, Mikel Arregi Zestoako alkateak, Xabier Ezaizabar Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak eta Irene Cardaba kontserbazio lanetan aritu denak. Euskal foruak abolitu zituztela 150 urte bete diren urte honetan, garrantzia berezia emanez aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek antzina erabiltzen zuten banku luzea.
Erakunde horrek Donostian egoitza izan baino lehen, XIV. mendetik aurrera Gipuzkoako hiribilduetako prokuradoreak aldizka biltzen ziren, eta Batzar Nagusien egoitza txandakatu egiten zen herri herri, "lurralde osoaren ahotsa eta borondatea" ordezkatuz. Hain zuzen, Zestoa izan zen batzarrak egiten zituzten udalerrietako bat, eta udaletxeko aretoan dagoen eserleku historikoa egin ondoren ere beste bost aldiz elkartu ziren han Batzar Nagusiak; azkenengoz, 1860an.
Gipuzkoako Batzar Nagusiak lurraldearen erakunde parlamentario historikoa dela jakitun, beraz, aldundiarentzat "balio historiko eta sinboliko handia" duen altzaria da Zestoako udalbatzar aretoa inguratzen duen egurrezko bankada luzea, Gainera, kontserbatzen den halako ondare historiko bakarra da; Gipuzkoan ez dago besterik: "Lurraldeko erakundeen antolaketaren eta Gipuzkoako Batzar Nagusien lekukotza zuzena eskaintzen du", azpimarratu du Mendozak. Oraindik galderak airean badaude ere, aurreneko ikerketek ondorioztatu dute gutxienez XVIII. mendekoa dela eserlekua, eta gaztainondotik eratorritako egurra erabili zutela hura eraikitzeko. Dena den, eserlekuaren datazio zehatzik ez dute lortu oraindik, ezta propio Batzar Nagusietarako eraiki zuten jakiterik ere. Dena den, Arregik azaldu du hasieran uste zutena baino zaharragoa dela hiru gizaldiz behintzat udaletxean dagoen altzari historikoa.
Hain zuzen, Arregik adierazi duenez, Zestoako Udalak aurretik ere "zantzuak" zituen udalbatzar aretoko eserleku historiko hori Gipuzkoan geratzen zen bakarra zela, eta zalantzak argitzeko asmoz eta altzaria zaharberritzeko eskatuz jo zuten aldundiarena 2024an, diputatu nagusiak Gipuzkoan zehar egindako bilera erronda batean. Hala, aldundiak iaz jarri zuen abian eserlekua ikertzeko eta kontserbatzeko proiektua, haren historia zehazteko, datazioan sakontzeko, ondarearen balioa aztertzeko eta kontserbazio baldintzak hobetzeko asmoz. Horretarako, arlo desberdinetako profesionalek osatu dute lantaldea: historialari batek, artxiboko arduradun batek, bi arotzek, kimikari batek eta bi kontserbatzailek.
Lau margo geruza
Orain arteko ikerketaren ondorio nagusien arabera, eserlekuan hainbat aldaketa eta konponketa egin dituzte bere sorreraz geroztik. Esaterako, artxiboko dokumentazioetan jasota dago, Konbentzio Gerraren ondoren, 1797. urte inguruan, eserlekuetan hainbat konponketa egin behar zirela, Frantziako armadak altzariaren zati bat sutarako erabiltzeko puskatu baitzuen. Polikromiari dagokionez, lau garaitako margo geruzak aurkitu dituzte. Zaharrena, jatorrizkoa, beltza da; bigarrena XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen hasiera bitartean ezarri zen, eta marmoleztatutako gris eta urdin koloreak eta moldura gorriak zituen; hirugarrena, berriz, 1840 eta 1860. urteetan artean margotu zuten, eta garai hartan jarri zituzten gaur egun eserlekuan oraindik irakur daitezkeen Gipuzkoako udalerrien izenak; azkenik, egun begi bistan dagoen geruza XX. mendean egindako esku hartze baten emaitza dela ondorioztatu dute adituek.
Ikertzearekin batera, eserlekua kontserbatzeko beste hainbat lan ere egin dituzte; besteak beste, polikromia geruzak kontsolidatu dituzte, eta gainazala garbitu dute, altzariaren egoera egonkortzeko asmoz.
Lan horiek eginda, proiektuarekin aurrera jarraituko du aurten ere erakundeak. Hain zuzen, kontserbazio lanekin jarraituko du, eta dibulgazio lanak hasiko ditu. Erakundearen arabera, "esku hartze berezia" egingo du bankuaren aurreko pintura geruzetara iristeko eta antzinako polikromiatako baten zati bat agerian uzteko, "testigu gisa". Zehazki, eserlekuaren bigarren margo geruza, marmoleztatutako gris eta urdin koloreak zein moldura gorriak atera nahi dituzte bistara. "Horren bidez, garai hartako kolore konbinazio bereizgarria berreskuratu eta eserlekuaren jatorriko itxuraren zati bat erakutsi nahi da, betiere kontserbazio irizpideak eta altzariaren ondare balioa errespetatuz", azaldu du aldundiak.
Balio sinboliko "sakona"
Ondarearen garrantzia goraipatu dute gaur aurkezpenean parte hartu duten ordezkariek. Mendozak, hain zuzen, haren balio historiko eta sinboliko "sakona" nabarmendu ditu: "Gipuzkoarrok eta euskaldunok mendeetan zehar izan dugun komunitate izaera eta gobernatzeko modu propioaren lekukotza da. Izan ere, lurralde osotik etorritako ordezkariak, maila eta jatorri ezberdinetakoak, parez pare eta berdintasunean esertzen ziren Zestoako eserleku honetan, Batzar Nagusietan. Hemen, Gipuzkoako herritarren giza duintasuna aitortzen zen: gipuzkoar guztiak berdinak ginen eta berdinak gara. Herriaren antolaketa eta herriak bere burua gobernatzeko gaitasuna, beraz, berezko eskubide moduan ulertzen ziren". Haren ustez, iraganeko irudi horrek oraindik badu lotura egungo Gipuzkoarekin, eta aurrera begira, aurreko gizaldietatik jasotako ondarea datozen belaunaldiei transmititzeko premia azaldu du.
Arregik, bere aldetik, eskerrak eman dizkio aldundiari egindako lanagatik, azpimarratuta gaian adituak diren teknikariak "buru-belarri" aritu direla udaletxeko areto nagusian lanean. Era berean, esan du "ohorea" dela halako ondarea Zestoan bertan izatea, ondorengo belaunaldientzat "ondo zaindu eta gorde beharrekoa".
Ezeizabarrenak ere ildo beretik hitz egin du, eta ondarearen balioaz harago, eserlekua "euskal identitatearen lekukoa" dela azpimarratu du: "Hemen ikusten dugu gure herria mendez mende eta bere borondatez eraikitzen joan zela, funtsezko ezaugarriak onduz: berdinzaletasuna eta askatasunez erabakitzea".