Ingurura begiratu, eta edozerk du bere istorioa, dena da historia, eta Zestoako udaletxeko areto nagusian dauden eserlekuek ere badute atzean berena. Urte luzez egin behar da atzera horien garrantzia ulertzeko, eta aldi berean, ulertu behar da, egungoarekin alderatuta, bestelakoa zela iraganeko funtzionamendu politikoa.
Gaur egungo Batzar Nagusiak Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusiak berrezartzeko Errege Lege Dekretuaren bitartez sartu ziren indarrean berriro 70eko hamarkadan, 1937. urtean kontzertu ekonomikoaren erregimena erauzi zuen legedia indargabetu ondoren. Ehunka urte lehenago, baina, XIV. mende inguruan, Gipuzkoak bazuen botere exekutiboa, legegilea eta judiziala erabakitzeko organoa, Batzar Nagusien aurrekaria: Gipuzkoako Ermandade Nagusia. Ermandade hori gaur egun ezagutzen ditugun hainbat herrik edota eskualdek osatzen zuten, eta horietako ordezkariak bildu egiten ziren erabakiak hartzeko. Bizkaikoekin eta Arabakoekin alderatuta, Gipuzkoakoaren funtzionamentua bestelakoa zen, ermandadearen bilkurak ez baitziren leku bakarrean egiten, artean lurraldea osatzen zuten hemezortzi herri historikoetan txandaka baizik.
Lehenengoa 1397an egin zuten, Getarian, eta gerora zehaztu zuten batzarrak hartuko zituzten herrien hurrenkera: Zestoa, Segura, Azpeitia, Zarautz, Ordizia, Azkoitia, Zumaia, Hondarribia, Bergara, Mutriku, Tolosa, Arrasate, Donostia, Hernani, Elgoibar, Deba, Errenteria eta Getaria.
Bere garaian, aipatutako leku horiek guztiek zuten bilkurak egiteko egitura bat. Alegia, areto nagusi batean elkartzen ziren eremuetako ordezkariak, bakoitza bere eserlekuan. Dena dela, urteetan egindako udaletxeen berritze lanak tarteko, eserleku horiek "galtzen" joan dira, Mikel Arregi Zestoako alkatearen hitzetan. Zestoa da, hain zuzen ere, salbuespen bakarra, herri horretako batzar aretoan mantendu egin baitituzte garai batean erabiltzen zituzten eserlekuak. Aretoa inguratzen dute horiek guztiek, jatorrizko egitura errespetatuta. Itxura batera dekorazio klasikoa dirudienak zama historiko nabarmena du, beraz. Alkateak aditzera eman duenez, Zestoako egitura XIX. mende hasierakoa da, Lehen Gerra Karlistaren aurrekoa, nahiz eta "urte konkretua ez jakin". "Udaletxe hau 80ko hamarkadan berritu zuten, eta beste gauza batzuk galdu ziren arren, hau mantendu egin da", gehitu du Arregik.
Betiko susmoa
Arregiren hitzetan, beti izan dira udalbatzar aretoko egituraren garrantziaz jakitun, eta susmoa ere izan zuten hori bakarra zela, hainbat dokumentutan jasota ageri baita aukera hori. Susmo hori berrestea lortu zuten Alberto Santana historialaria aulki historiko horiei buruzko erreportaje bat grabatzera herriratu zenean. "Nik esan nion agian egon zitekeela egoera hobean beste egituraren bat, baina berak esan zidan ezetz, ezinezkoa zela hori, Zestoakoa zelako zutik jarraitzen zuen bakarra", kontatu du alkateak.
Behin hori jakinda, antzinako batzar haientzat prestatutako egitura zaharberritzeko ateak jotzen hasi zen han eta hemen Arregi, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin elkartzea lortu zuen arte. Prozesuak aurrera egin du, eta duela gutxi, hiru hilabetez, hainbat aditu udaletxeko areto nagusian ibili dira. "Egitura ikustera etorri ziren, eta, aldi berean, laginak hartu zituzten hainbat eserlekutan. Horietan ikusten da nola gaineko geruzaren azpian beste batzuk ere badauden", azaldu du alkateak. Izan ere, hainbat esku hartze izan ditu bilkura aretoa inguratzen duen egiturak urte hauetan guztietan, hala nola "pintaketak edo gehikuntza batzuk". Horregatik, eserlekuei arretaz begiratuz gero, ikusi daiteke nola dituzten egitura originalari eragin dioten hainbat geruza.
Behin laginak hartuta, hurrengo pausoen zain daudela dio Arregik. "Ez dakigu noiz etorriko diren. Momentuz, laginak aztertu beharko dituzte, ikusteko nola egin behar den zaharberritzea. Erabakitzeko dago, aldi berean, lanak egiteko modua ere. Alegia, osorik berrituko duten ala zati bat soilik, zaharberritzea aretoan bertan egingo duten ala eserlekuak beste leku batera mugituta... Kontua da, zaharberritutakoan, blindatuta egongo direla eserleku horiek, eta ezingo direla orain arte bezala eduki. Beraz, ikusiko da nola doan aurrera prozesua", dio Zestoako alkateak.