Zestoan ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, asteartea, eta eguneko gai ordena begiratuta, ez zuen ematen aparteko liskarrik sortuko zenik bilkuran, baina galde-erreguen txanda iritsi zenen, eztanda egin zuen giroak. Ordubetetik gora luzatu zen batzarra, EAJk herrian banatu duen eskuorriaren harira Mikel Arregi alkateak hainbat gauza mahai gainean jartzea erabaki ostean.
Horren aurretik, Margarita Eizagirrek zinegotzi kargua hartu zuen; EH Bilduren udal taldera batu da hura, eta Kultura, Euskara eta Jaien batzordean parte hartuko du. Hari ongietorria eman ostean, 2026ko aurrekontuaren bigarren aldaketa onartu zuten, bi alderdien arteko adostasunarekin.
Alkateak azaldu zuen diru laguntza baten bueltako partida batek eragin duela nagusiki aurrekontu aldaketa. Foru aldundiak zaintzari lotuta 68.532 euro eman dizkio udalari, eta aurrekontu aldaketa egitea aurreikusita ez bazuten ere, aldaketa hori baliatu dute beste zenbait aldaketa egiteko. Sarrera handiena aldundiaren diru laguntza da. Horrez gain, Kultur Etxeko jangelaren berrikuntzari lotuta, beste aldaketa bat egin dute. "Eraikin horretako aldaketak udalak finantzatuko ditu, eta gero, hornikuntza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren esku egongo da. Aurrekontuan instalazioak eta beste zenbait gauza ez zeuden behar bezala aurreikusita, eta horregatik, 27.000 euroko igoera planteatu dugu", adierazi zuen Arregik. Liztor asiarrak ugaritzen ari direla ere azaldu zuen hark, eta horri lotuta egin dutela beste aldaketa: "Lehen Urkomek finantzatzen zuen liztorrak kentzeko prozesua, baina kontua da haien inbasioa ugaritzen ari dela, eta, beraz, egin beharreko esku hartzeak ere igo egin direla. Urkomek kopuru bat jartzen du, baina esku hartze guztiak finantzatu ahal izateko, udalak ekarpen bat egin behar izan du: 5.000 euroko gehikuntza". Bestalde, Elikadura Bankuak ere gero eta eskaera gehiago ditu erantzuteko, eta haren beharrak asetzeko, udalak 1.500 euro gehiago emango dizkio. Era berean, hiri ondasunen gaineko zergatik aurreikusitakoa baino sarrera handiagoa izan dute: 12.000 euro. Aldaketa, guztira, 115.532 eurokoa da. Aldaketa horiekin, gerakinik ez dutela ukitu azaldu zuen alkateak. Gainera, bide konponketak gauzatzeko, 35.000 euroko diru laguntza jaso du udalak aldunditik.
Zestoako hiri trafikoa eta autokarabanentzako zerbitzuak arautzeko ordenantzari aurkezturiko alegazioa ere izan zuten hizpide atzoko batzarrean. Arregik azaldu zuenez, alegazio bat aurkeztu diote ordenantzari; Espainiako Estatuko aisi ibilgailuen elkarteak aurkeztu du alegazio hori. "Guk, besterik gabe, motordun ibilgailuak lehenetsi genituen, eta eskatu digutena da motorrik gabekoak –hau da, karabanak– ere baimentzea erabiltzaile bezala, betiere ur zikinen sistemak indarrean izanda. Iruditzen zaigu planteatu dutena ontzat emateko modukoa dela". Aho batez onartu zuten alegazioan eskatutakoa ontzat ematea, eta behin betiko onarpena eman zioten ordenantzari. 2027ko ordenantza fiskaletan arautuko dute, eta 2028an hasiko dira tasa jartzen.
Ehnergia energia komunitateen sareko bazkidetzaz ere hitz egin zuten udalbatzarrean. Zestoan Argiola izeneko energia komunitatea sortu zuten, udalak sustatuta, eta Euskal Herrian antzeko komunitateak daude. Horren aurrean, Euskal Herriko energia komunitateen sare bat sortu da, eta udala bertako bazkide egitea onartu zuten, aho batez.
Eztabaida giroa
Aurreko puntu guztiak aho batez onartu bazituzten ere, galde-erreguen txanda iritsi zenean, EAJk herrian banatu duen eskuorriaren harira, hainbat gai mahai gainean jarri nahi izan zituen alkateak. "Badakit galde-erreguen txandan ez dela normala alkateak erreguak egitea, baina zenbait gauzarekin harritu gara, eta argitu egin nahiko nituzke". Gainera, udal gaien inguruan zerbait azaldu nahi badute, udaletxeko ateak zabalik dituztela eta aurrez aurre hitz egitea egokiagoa dela esan zien Arregik jeltzaleei.
Lehenik, Arozena eremua izan zuen mintzagai. Arregik esan zuen eremu horretan "herri proiektu zehatzik ez izatea" leporatzen diotela jeltzaleek EH Bilduri, baina hark azpimarratu zuen eremu horren "arazo nagusia" babestua izatea dela eta horrek "arriskua" izan dezakeela, "garbi dagoelako bere jabeak horrek behar duen babeserako finantzamendurik ez duela jarriko". Zera erantsi zuen: "Horrek momentu honetan daukan babes ertain hori bermatuz gero, ez du garapen posiblerik, ez badu Eusko Jaurlaritzak berak finantzatzen".
Etxebizitzaren gaiari heldu zion gero. Arregiren arabera, zera dio EAJk eskuorrian: "Etxebizitzaren inguruan ez da EH Bildu ezer bultzatzen ari". Alkatea haserre agertu zen baieztapen horren aurrean: "Gipuzkoan ia aurrenetarikoak izan gara ordenantza bat ateratzen lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko". Horrez gain, Gipuzkoan hemezortzi herrik lortu dute tentsiopeko eremu izendapena, eta horietako bat Zestoa dela gogoratu zuen, denetan txikiena. "Esatea udal gorbernu hau ez dela ezer egiten ari ez da egia eta ez da justua". Gainera, etxebizitza berriak sustatzeko plangintzarik ez duela egin ere leporatzen zaio eskuorrian EH Bilduri, alkateak esan zuenez, eta hark gogoratu zuen eremuz eremu zenbat etxe egiteko proiektuak dituzten esku artean. "Planifikazioaren barruan, Zestoan aurreikusita daukagu 334 etxebizitza eraikitzea". Arregik esan zuenez, eskuorrian jasotzen da Zestoa tentsiopeko eremu izendatzeak esan nahi duela herrian eraikitzen diren etxebizitzen %20k publikoak izan behar dutela. "Hori nondik atera duzue?" galdetu zien jeltzaleei. "Tentsiopeko eremu izendapenak ez dauka horrekin zerikusirik, merkatuarekin dauka zerikusia. Hori ez da egia".
Besteak beste, horiek izan ziren Arregik mahai gainean jarri zituen gaiak, eta hauteskundeen atarian gauzak "gaindimentsionatzea" eta gezurretan aritzea leporatu zion EAJri. "Badakigu hauteskundeen atarian politikarien sinesgarritasuna Donald Trumpen parekoa dela", esan zuen.
Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak hartu zuen hitza segidan, eta alkateari azaldu zion biek "harreman pertsonal ona" duten arren, bakoitzak politika egiteko bere bideak baliatzen dituela, eta horregatik kaleratu dutela eskuorria. "Aurrez aurre joan garenean, askotan konprobatu dugu pareta baten aurrean aurkitzen garela, eta horregatik, geure mekanismoak dauzkagu gure ideiak plazaratzeko".
Arozenaren kontuari dagokionez, Mendizabalek esan zuen "seguru" daudela utzikerian erori dela eremu hori. "Gure ustez, gune estrategikoa da, eta pribatua izan arren eta babes maila bat duen arren, inork ez dio kasurik egin. Guk garbi ikusten dugu hor etxebizitzak, aparkalekuak... egin daitezkeela". Etxebizitzaren gaiari erantzunez, esan zion azken urteetan eraitsi dela eraiki ez dena, nahiz eta orain mugimendua hasi den. Tentsiopeko eremuaren kontuari lotuta, Mendizabalek eskuorrian jarri dutena defendatu zuen, nahiz eta Arregik kontra egin zion. "Agian gaizki informatuta nago, enteratuko naiz", erantzun zion Mendizabalek.
Kultur Etxearen gaia ere ekarri zuten mahai gainera, eta, azkenean, eztabaida giroan amaitu zen udalbatzarra.