Atzo arratsaldean egin zuten maiatzeko ohiko udalbatzarra Zestoan, eta besteak beste, aurtengo aurrekontuari lehendabiziko aldaketa egitea adostu zuten, aho batez, EH Bilduren eta EAJren ordezkariek. Mikel Arregi alkateak esan zuenez, normalean urtean hiru aurrekontu aldaketa egin ohi dituzte, baina aurten bi bakarrik egingo dituzte; orain eta udazkenean. 185.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuten atzoko bilkuran, eta hainbat arlotako partidak sartu dituzte aldaketa horretan.
Besteak beste, 40.000 euro bideratuko dituzte plaza berritzeko lanen azken fasera. Lanen bi heren eginda daudela azaldu zuen alkateak, baina azken zatia falta dela, eta ondo bidean, urtea bukatzerako lanak ere amaitzea aurreikusten dute. 19.000 euro, berriz, udal langile bati kalte ordaina emateko erabiliko dituzte. "Lehiaketa oposizio bat martxan egon da, lanpostu bat esleitu da, eta ondorioz, urte askoan udaletxean lanean jardun den pertsona batek lanpostua galdu du. Horrelakoetan, udal honek ohitura dauka ahal den kalte ordainik handiena emateko, eta hala izango da oraingoan ere", adierazi zuen Arregik.
Kreditu aldaketaren beste zati bat, 8.000 euro hain zuzen, kontsortzioari uraren faktura ordaintzeko erabiliko ditu udalak. "Lehen udalak bere buruari urik ez zion kobratzen, baina orain sistema aldatu egin da eta kontsortzioak kudeatzen du hori. Horrenbestez, udalak kontsortzioari ordaindu egin behar dio uraren faktura. Kontsumoaren araberako estimazioa eginda, 8.000 euro inguruko izango direla kalkulatu dute", adierazi zuen alkateak. Horrez gain, Herri Hezitzailearen barruko Ametsen Sarea egitasmoari 15.000 euro gehiago ematea adostu dute; Iraurgi Berritzenekin eta Laienekin batera larrialdi klimatikoari aurre egiteko lanketarako beste 5.000 euro jartzea; eta petrolioaren prezioaren igoerak %20 eta %30 artean garestitu dituen asfaltatze lanak ordaintzera 15.000 euro gehiago bideratu beharko ditu udalak.
Horrez gain, landa lurrak erosteko deialdia egiteko asmoa ere badu udalak, eta horretara 5.000 euro gehiago bideratzea erabaki du. Uda aurretik egingo du deialdia eta landa lurren jabeei aukera emango die lurrak udalari saltzeko. Lehen 5.000 euro zituen aurreikusita horretarako, eta orain beste 5.000 euro gehiago jartzea onartu dute.
Kreditu aldaketa egiteko gerakina ez dutela ukituko esan zuen alkateak. "Garapen urbanistiko bat daukagu pendiente, Zubimusukoa. Udalak egin beharreko urrats guztiak eginda ditu, baina pixka bat atzeratu egin da kontua sustatzaileari dagozkion kontuengatik. Nahiz eta lanak aurki hastea aurreikusten den, datarik ematera ez naiz ausartzen, baina udalak obra horietatik jasoko lukeen diruaren zati bat, 185.000 euro, erabiliko ditugu aurrekontu aldaketa hau egiteko", zehaztu zuen. Gogorarazi zuen sententzia bat tarteko udalak aurrekontu mugatua duela aurten ere, baina defizitari eta zorpetze mailari dagokionean ezarritako mugen barruan dabilela, tarte zabalarekin, eta dagozkion betebeharrak egoki betetzen ari dela. Arregiren arabera, ondo bidean, datorren urtean egoera normalizatuan sartuko litzateke udala.
EAJko kide Garikoitz Mendizabalek galdetu zuen kultur etxeko obrak gauzatzeko partidarik ez al den aurreikusi kreditu aldaketa honetan, eta alkateak ezetz erantzun zion, litekeena dela udazkeneko kreditu aldaketan sartzea, edo bestela datorren urteko aurrekontuetan, litekeena delako obra bera gauzatzen datorren urtearen hasieran hasi behar izatea. Hori argituta, aho batez onartu zuten lehendabiziko kreditu aldaketa.
Zigor arinagoak
Udalbatzarrean aztertu zuten beste gaietako bat kiroldegiko araudiaren aldaketa izan zen. Arregiren arabera, eguneraketa eta egokitzapen batzuk egitea komeni zen, eta halaxe egin dituzte. Esate baterako, herriko hainbat kirol azpiegitura herriko kirol elkarteek-eta erreserbatuta ez dituzten orduetan, bazkideek izango dute horiek erabiltzeko lehentasuna, lehen zuten modu berean, baina horiek tasa bat ordaindu beharko dute aurrerantzean. "Lehen ez zitzaien espazio horiek erabiltzeagatik tasarik kobratzen, baina aurrerantzean kobratu egingo zaie, erreserba egiterakoan ere hala egin behar izaten baita".
Zigor xedapenetan ere egin dituzte aldaketa batzuk. Esaterako, lehen oso larritzat jotzen zuten beste baten txartelarekin kiroldegira sartzea, eta hori egiten zuenari, zigor gisa, sei hilabetez herriko eraikin publiko guztietara sarrera galarazten zioten. Zigor hori gogorregia iritzita, moldatu egin dute, eta beste baten txartela hutsegite oso larritzat hatu beharrean, larritzat hartuko dute aurrerantzean. Horrela, zigorrak txartelaren erabilpenari bakarrik eragingo dio aurrerantzean, hilabeteko epean, lehen aldian. Hala ere, aukera edukiko luke 5 euroko eguneko kuota ordainduta kiroldegira sartu ahal izateko, lehen ez bezala. Aho batez onartu zituzten kiroldegiko araudian egindako aldaketak ere.
Kargu aldaketa
Beste puntuetako bat Aitor Salegiren kargu hartzea izan zen. Jone Expositok duela hilabete batzuk zinegotzi kargua utzi egin zuen, eta haren lekua beteko du Salegik. Aurreko agintaldian ere zinegotzi izandakoa da, beraz ezagutzen du udalaren funtzionatzeko moduan, eta agintaldia bukatu bitartean, Euskara, Kultura eta Kirola batzordeko kide izango da. Gainera, Zestoak UEMAn izango duen hirugarren kide titular ere izendatu zuten Salegi. Arregi eta Mendizabal dira beste biak.
EH Bilduk eta EAJk nazio mailan adostutako mozio bat ere onartu zuten atzoko bilkuran. 2026ak urteurren esanguratsuak biltzen dituela azaldu zuen alkateak; hala nola 150 urte direla aurten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztela; 90 urte betetzen direla Eusko Jaurlaritza sortu zutela; eta 50 urte direla Franco hil osteko alkateen mugimendua sortu zela. Hiru urteurren horien harira adostu dute mozioa EH Bilduk eta EAJk eta Euskal Herriko udal guztietara bideratu dute, baita Zestoakora ere. Alkateak irakurri zuen mozioa, eta aho batez onartu zuten hura ere.
Proiektuez azalpenak
Galde-erreguen txandan, Mendizabalek hartu zuen hitza eta galdetu, urte erdia igaro dela eta, aurtengo aurrekontuei begira EAJk eskatuta udal gobernuak hartutako konpromisoak zertan diren, eta alkateari eskatu zion horietako bakoitzaren egoera azaltzeko, arinki bada ere. Iraetako futbol zelaiko argiteriaz galdetu zuen aurrena, eta proiektua esleituta eta exekutatzear dagoela erantzun zion Arregik, uda aurretik amaituta egotea espero dutela.
Ondoren, markesinak eta autobus geltokiak izan zituzten hizketagai, batez ere Iraetakoa eta Txiribogakoa. Arregiren esanetan, hainbat arazo daude Iraetan eta Txiribogan autobus geltokiak jartzeko, besteak beste gune horietan ez dagoela zebrabiderik, eta aldundiak horiek egiteko baldintzak ere ez direla betetzen. Hala ere, kontsulta egiteko eskatu zion Mendizabalek Arregiri.
Merkataritzarako eta ekintzailetzarako aurreikusitako diru sailaz ere galdetu zuen Mendizabalek. "Sustapen plan berezi batean 13.000 euroko partida bat egongo zela aipatzen zen, eta beste 3.000 euroko bat merkataritza sustapenerako". Partida horietako bat aktibatzeko moduan dagoela erantzun zion zinegotziak, eta Espainiako Gobernuaren beste diru laguntza baten zain ere badaudela.
Ibañarrietako zaborrontziez ere galdetu zuen EAJren ordezkariak. Arazoak bilgune askotan daudela erantzun zion alkateak, mankomunitateak hutsuneak badauzkala zentzu horretan, eta udalak behin baino gehiagotan helarazi izan duela kexa. Hala ere, EAJk eskatuta bezala, hainbat auzotako edukiontziak aldatu dituzte dagoeneko.
Arroagoian kantoiko etxearen jabeari bere lursaila aparkaleku bezala erabiltzeko aukerarik balegokeen galdetzeko, eta Txiribogan, Gri enpresaren ondoko lursail pribatu batean dagoen zabortegiaz galdetzeko ere eskatu zuen Mendizabalek. dagoen. Arroagoiko argiztapena hobetzeko EAJk egindako eskaria, berriz, betetzear da, hain zuzen ere, atzoko kreditu aldaketak 10.000 euroko partida jasotzen baitu horretarakoxe.