Duela bi hilabete eta erdi izandako ika-mikari jarraipena eman dio Zestoako EAJk. Otsailean, Bainuetxearen inguruko bide berdearen zatiko egoera "kritikoa" eta azpiegitura horren hobekuntzan udalak izandako "konpromiso falta" salatu zituen EAJk. Egun gutxiren buruan, salaketa haiei erantzun zien udal gobernua osatzen duen Zestoako EH Bilduk, besteak beste, bide berdearen eskumena eta mantentzearen ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sarearena (ETS) dela azpimarratuta.
Gaur, EH Bilduren orduko azalpenei erantzunez beste ohar bat plazaratu du EAJk. Hasteko, oposizioko talde gisa zer egitea dagokien aipatu du ohar horretan Garikoitz Mendizabalek: "Udal gobernuari proposamenak egitea, bultzatzea eta presionatzea, herriarentzat garrantzitsuak diren gaietan jardun dezan".
Biede berdearen Bainuetxeko eta geltoki arteko zatiaren egoerari buruzko salaketarekin horixe egin dutela gaineratu, eta udal gobernuari "erantzukizuna hartzeko" galdegin dio Mendizabalek. EH Bilduk bide berdearen "ardura foru aldundiarena eta Eusko Jaurlaritzarena" dela esan arren, eta administrazio horiek "zeregin bat" badutela onartuta ere, jeltzaleen bozeramailearen arabera, "Zestoako Udalak ezin du proiektua gauzatzeko erantzukizuna saihestu, batez ere aldez aurreko kudeaketak ez direnean behar bezala egin". Ardurari uko egitea egotzi dio Mendizabalek udal gobernuari. "Bidegabea" da, dio, "auzi honetan ekintzarik ez dagoela ikusita, beste aktore politiko batzuei errua botatzea erabaki izana". "Gogora dezagun 2019an bide hau eraikitzeko akordioak Zestoako eta Azpeitiko udalek kudeatu zituztela soilik. Orain, erantzukizuna Zestoako Udalarena da", gaineratu du zinegotzi jeltzaleak.
Bide berdea konpontzen hasteko eskatu dio Mendizabalek udal gobernuari, "bere erantzukizuna modu aktiboan bere gain hartzeko eta dagozkion lanak egiten hasteko", eta azpiegitura horren mantentze egokia eztabaida politikotik baztertzeko, herritarren mesederako: "Bideak ezin du aitzakia politikoa izaten jarraitu. Herritarrek irtenbide argiak eta eraginkorrak behar dituzte, eta alkateak bere lana egin behar du Zestoak aurrera egin dezan".