Zestoako bainuetxea herriaren erdigunearekin lotzen duen Bide Berdea egoera "kritikoan" dagoela eta, kexu da Zestoako EAJ. Talde jeltzaleak salatu duenez, 2025eko azaroan ohartarazi zuen bidearen egoera "txarraz", baina Zestoako Udalak "ez du neurri zehatzik hartu".
"Bide Berdearen egoera onartezina da. Hirigintza Batzordeak azaroan egindako bileran erabaki zen udalak berehalako neurriak hartuko zituela bidea hobetzeko. Lau hilabete pasa dira eta arazoari petatxu bat baino ez dio jarri. Udal gobernuak ez du esandakoa bete", adierazi du idatzi baten bidez Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren bozeramaileak.
Horren aurrean, Zestoako EAJk udal gobernuari eskatu dio esku har dezala, eta bidegorri zati hori "urgentziaz" konpon dezala, bide horren erabiltzaileen "segurtasuna bermatu beharra" dagoela iritzita. "Herritarrek baldintza egokian dagoen bide segurua merezi dute, eta udalaren ardura da hartutako erabakiak betetzea. Ezin dugu onartu hain oinarrizkoa den bide horrek behar bezala konpondu gabe jarraitzea ", gaineratu du Mendizabalek. Udal gobernuari gaia "serio" hartzeko eskatu dio.