Joan zen ostegunean Zestoako EAJk ohar bat kaleratu zuen, Bide Berdearen hobekuntzan udalak konpromiso falta zuela salatzeko. Gaur, baina, udalean agintea duen EH Bilduk erantzun egin dio talde jeltzaleari, esanez Lili jauregiaren ondotik Bainuetxera arteko trenbide azpiegituraren eskumena eta mantenua Euskal Trenbide Sarearena (ETS) dela, ez udalarena.
Trenbide zaharra egoera txarrean dagoela "bistakoa" dela esan du EH Bilduk, eta batez ere, euriteak daudenean, handik igarotzea deserosoa gertatzen dela adierazi. Dena den, testuingurua azaltzea komeni dela esan du, bide zati horren jabea ez delako Zestoako Udala, Eusko Jaurlaritzaren menpeko ETS baizik. Udalak zati hori erabat konpontzeko aurrekontuak esku artean dituela eta kostua 70.000 eurotik 90.000 eurora artekoa litzatekeela ere esan du.
Zestoak duen azalera zabala eta baserri sarea tarteko, udalaen esku 70 kilometro inguru daudela ere adierazi du koalizioak, eta gogorarazi du baserri askotan adineko jendea bizi dela. Azken urteetan, kilometro batzuk konpondu badituzte ere, oraindik hainbat bide ez daudela egoera onean esan du, eta gogorarazi 2025ean eta 2026an bide konponketara bideratutako partida ekonomiko nagusiak Lasao errekako bidea konpontzeko erabiliko dituztela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza baliatuta. "Datozen urteetan beste baserri eremu batzuetarako bideak konponduko dira, baina udalak bere ardurapean dituen bide guztiak konpontzeko denbora eta dirutza beharko da", gaineratu du.
Horrekin guztiarekin, EH Bilduk zera esan du: "Zilegi ote da udalaren ardurapean dauden baserri bide asko egoera txarrean dauden bitartean, udalaren ardurapekoa ez den paseorako bide zati bat konpontzeko udalak dirutza gastatzea? Gure ustez, ez!". Hala eta guztiz, zehaztu du, udalaren eskumenekoa izan gabe ere, udalak bide horretan zuloak tapatu egin dituela, nahiz eta jakina den euri jasa izan orduko zuloak berriz agertzen direla.
Finantzazio sistema "desegokia"
Administrazio publikoaren gaur egungo finantzazio sistemak Zestoa gisako herriak "izugarri kaltetzen" dituela esan du, gainera, EH Bilduk. "Zestoak zerbitzu nagusiak oso dispertsatuak ditu, eta horrek zerbitzuen kudeaketa asko garestitzen du. Trukean foru funtsetik ez dugu hobaririk jasotzen eta soilik biztanle kopuruaren araberako diru funtsa da jasotzen duguna", zehaztu du koalizioak. Azalpen gehiago eman ditu: "Adibidez, Zumaiak biztanleko duen per capita kostuaren bikoitza da Zestoak daukana, eta Eh Bildu aspaldidanik ari da Zestoa bezalako herrientzat bidezkoagoa litzatekeen finantzazio sistema bat eskatzen".
Horri lotuta, Garikoitz Mendizabal EAJko legebiltzarkideari eta Zestoako Udaleko zinegotziari esan dio bera parte den alderdiari Zestoa bezalako herriak "hobeto" zaintzeko eskatu behar liokeela. Gainera, hari gogorarazi dio oharrean aipatutako Bide Berdearen zatiaren ardura EAJren gidaritzapean dagoen Eusko Jaurlaritzarena dela, eta "eraginkorragoa" litzatekeela hori konpontzeko EAJri edo Eusko Jaurlaritzari eskatzea.
Bestalde, EH Bilduk adierazi du EAJk leporatzen dizkion arazo nagusienak horiek baldin badira, ez daudela hain gaizki. Koalizioaren aburuz, "erabat zilegia eta beharrezkoa" da kritika politikoa, are gehiago gobernu arduretan dauden ordezkariei egiten zaiena, baina garbi utzi du udal hauteskundeak gerturatzen ari direla eta horren bueltan etorri dela EAJren eskaera: "Agintaldi erdia lozorroan pasatu eta gero, ondoko herrietan bezalatsu, Zestoako EAJk aldizkariak eta komunikatuak argitaratzeari ekin dio".