Zestoako Irakurle Gazteen Klubeko kideek, Palestinari elkartasuna adieraziz, Tapia eta Leturiaren Wafa abestiaren bideoklipa aurkeztu zuten atzo arratsaldean, kiroldegi ondoko aterpean. Herriaren babesa eta beroa jaso zituzten irakurle taldeko gaztetxoek eta irakasleek, baina baita Azpeitiko Apoa pesia taldeko zenbait kiderena eta Tapia eta Leturia trikitilariena ere, atzoko aurkezpen ekitaldian parte hartu zuten eta horiek guztiek ere.
Palestina zure mina liburua irakurri eta gero erabaki zuten bideoklipa ontzea Irakurle Gazteen Klubeko LH5 eta LH6ko hainbat gaztek, Itsaso Zubiria dinamizatzaileak eta Naiara Exposito dinamizatzaileek lagunduta. Izan ere, Palestinaren egoera hobeto ezagutzeko aukera ere izan dute gaztetxoek liburu hori irakurri duten epean. Lanketa horri esker ezagutu zuten gaztetxoek, era berean, Tapia eta Leturiaren Wafa abestia. Zubiria eta Exposito dinamizatzaileei bururatu zitzaien ikasleei abesti horren bideoklipa egitea proposatzea, eta haiek hauspotuta, bertsioa sortzea erabaki zuten, azkenean. Bide horretan Fundizio taldearen, herriko musikarien eta hainbat teknikariren laguntza jaso dute irakurle klubekoek, eta atzo iritsi zitzaien emaitza jendaurrean erakusteko ordua.
Gaztetxoek beraiek eta Zubiria nahiz Exposito dinamizatzaileek azaldu zuten bideoklipa egiteko prozesuak eta lanketak nola jo duten. Tapia eta Leturia trikitilariek duela 23 urte egin zuten Wafa abestia, eta haiek azaldu zuten "zoritxarrez" oraindik indarrean dela abestia, Palestinaren aurka gauzatzen ari diren genozidioak hala behartuta. Protagonista guztien adierazpenak bildu ditu Gukak bideo honetan.