Ekitaldi polit bezain hunkigarria egin dute gaur iluntzean Zestoan. Zestoako Irakurle Gazteen Klubeko kideek ereindako hazi txiki batetik abiatuta, herri guztia Wafa, wafa kantuan jarri da, Palestinari elkartasuna adieraziz. Kiroldegiaren ondoko aterpea txiki gelditu da, eta hasierako hazi txiki hori, elkartasun keinu ikaragarri bilakatu da.
Hain zuzen ere, Zestoako Irakurle Gazteen Klubean Palestina zure mina liburua irakurri zuten LHko bosgarren eta seigarren mailako hainbat herritarrek. Eta liburu hura irakurri ostean, Palestinaren egoera hobeto ezagutzeko aukera izan zuten, saioak gidatzen dituzten Naiararen eta Itsasoren laguntzarekin. Jakin-min hartatik abiatuta ezagutu zuten Tapia eta Leturiaren Wafa abestia, eta hala, kantu horren bertsioa egin dute. Horretarako, Fundizio musika taldearen eta herriko hainbat musikariren laguntza izan dute, baita hainbat teknikariren eta adituren babesa ere. Izenak ere aipatu dituzte: Mikel, Ioritz, Monik, Aizpea, Jagoba, Julen, Maria... "Manuk sortutako musikaren gainean, Eñautek magia egin du, eta Oierrek bideo zoragarri hau prestatu du", adierazi dute. Bideoklipa aurkeztea izan da lan horren emaitza.
Gaztetxoek "Wafa abestiaren aurkezpen mundiala" gisa definitu dute gaurko ekitaldia, eta mundiala izateko hainbat osagai izan ditu hitzorduak: Joritz Zunzunegik egin ditu aurkezle lanak, eta lehenik, Azpeitiko Apoa poesia taldeko bost partaidek idazle palestinarrek ondutako poemak errezitatu dituzte: Jose Luis Otamendik, Xabier Gantzarainek, Ainhoa Odriozolak, Roberto Oñederrak eta Pablo Dominguezek. Horren ostean, irakurle gazteek hartu dute hitza, eta bideoklipa sortzeko prozesua nolakoa izan den azaldu dute. Jarraian, bideoklipa ikusi dute bertaratutako guztiek, eta amaieran, txalo zaparrada luze-luzea entzun ahal izan da. Azken-azkenik, sorpresa polita izan da; izan ere, Tapiak eta Leturiak zuzenean jo dute Wafa abestia. Kanta bat jotzea gutxitxo irudituta, poza transmititzen duen pasodoble batekin amaitu dute ikuskizuna.
Ekitaldian zehar, Zestoako Irakurle Gazteen Klubekoek eskuz egindako giltzatakoak, eskumuturrekoak eta pinak saldu dituzte, borondatearen truke, eta nabarmendu dute bildutako dirua martxoaren 29an Palestinara abiatuko den flotillarekin bidaliko dutela.
Hala, eguraldi hotzarekin, baina bihotz ondoan suaren epela duela joan da etxera ekitaldian elkartu den jendetza guztia.
Hemen ikus daiteke bideoklipa: