Zestoako udalbatzarrak

Estazioko aparkalekua autokarabanen erabilerarako arautu du Zestoako Udalak

Ihintza Elustondo 2026ko otsailaren 25a

Aurrerantzean, Estazioko aparkalekuan gehienez ere 72 orduz egon ahalko dira autokarabanak aparkatuta, eta han dagoen ur zikinen zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute. Iraetan eta Arroan ezingo da autokarabanarekin gaua pasatu. Era berean, herrian autokarabanak dituztenentzako 22 plaza esleituko ditu udalak. Bake epaile titularra eta ordezkoa ere izendatu dituzte. 

Zestoako Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen atzo, asteartez; normalean ostegunetan bildu ohi dira, baina salbuespena izan da otsaileko hitzordua. Bi puntu izan ziren batzarrean garrantzitsuenak: batetik, Estazioko autokarabanen aparkalekuen inguruko ordenantza onartu zuten, eta bestetik, bake epaile titularra eta ordezkoa hautatu zituzten. 

Mikel Arregi alkateak azaldu zuenez, autokarabanen igoera nabaritu dute azken urteetan, "turismo eredua aldatu delako". Estazioa deitzen dioten gunean, herrigunetik kanpo, aparkaleku handi bat dago, eta ordenantzaren bidez, hura egokitu du udalak autokarabanentzat. Alkatearen arabera, horretarako HAPOa moldatu behar izan dute, trenbideak eremu horretan jarraitzen zuelako planean, eta ibaiaz bestaldera lekualdatu dute hipotetikoki trena berreskuratzeko aukera, Euskal Trenbide Sarearekin bilera batzuk egin ostean. Hala, eremu horretan esku hartzeko aukera du orain udalak. Arregiren esanetan, denbora da autokarabanak hor aparkatzen dituztela, baina erabilera hori arautuko zuen ordenantzarik ez zegoen indarrean orain arte. 

Estazioko aparkalekuan, bi eremu bereizi dituzte. Gune bat turismora bideratutako ibilgailuentzako izango da, langarekin bereizi dutena, eta gainontzeko eremua guztiz arautu dute autokarabanentzat. Hain zuzen ere, autokarabanek gehienez 72 orduz aparkatu ahal izango dute gune horretan, gaua pasatzeko eskubidearekin, eta bertan dagoen ur zikinak husteko zerbitzua ere erabili ahal izango dute. Momentuz doakoa izango da zerbitzua, baina aurrerago baloratuko dute ordainpekoa izatea merezi duen ala ez erabilera horrek. Makina bat jarriko dute, eta udaltzainek kontrolatuko dute eremua. 

Horrez gain, autokarabanak dituzten herritarrekin zer egin ere arautu dute. Horientzako urte guztirako plazak esleituko ditu udalak Estazioko aparkalekuan; 22 plaza, guztira. Udalak aztertu du herriko autokarabanen zentsua, eta uste du kopuru horrekin nahikoa izango dela. Prozesu bat egin eta plaza hori eskuratzen dutenek, urtean 150 euro ordaindu beharko dituzte autokarabana han aparkatuta izatearen truke; ur zikinen zerbitzua ere baliatu ahal izango dute esleituek. Iraetan eta Arroako industrialdean ere ohikoa da jendeak autokarabanak aparkatzea, baina aurrerantzean eremu horietan ezingo da gaua pasatu. Neurri hori jakinarazteko seinaletika eskatuta dutela jakinarazi zuen Arregik, eta aurki jarriko dituztela seinaleak bi gune horietan. 

Aho batez onartu zuten atzoko udalbatzarrean autokarabanen ordenantza, eta orain, 30 lanegunez egongo da jendaurrean, indarrean sartu aurretik. 

Herrigunean ere arazoak

Arregik azaldu zuen autokarabanen aparkalekuekin ez ezik, autoak herrigunean aparkatzeko ere arazoak dituztela Zestoan, eta trafikoaren inguruko beste ordenantza bat ere sortu beharra dagoela. "Erdigunean auto asko denbora luzez mugitu ere egin gabe egoten dira, eta berez araututa dago leku berean gehienez zazpi egunez egon daitezkeela". Baina alkatea jakitun da hori erregulatzea ez dela erraza. Hala eta guztiz ere, gai horri heltzeko konpromisoa hartu zuen. 

Bestalde, bake epaile titularra eta ordezkoa hautatu zituzten osoko bilkuran. Lau urtez behin izendatu behar izaten dira horiek, eta nahiz eta figura horiek lehen baino eskumen gutxiago dituzten, udalak bake epaile bat izaten jarraitzen du. Hiru pertsona aurkeztu ziren deialdira, eta prozesua amaituta, izendatu dituzte bake epaile titularra eta ordezkoa: Beatriz Zubia izango da bake epaile titularra, eta Hodei Zubeldia haren ordezkoa. Aho batez onartu zuten puntu hori ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide