Eusko Jaurlaritzak tentsiopeko eremu izendatu du Zestoa. Hala jakinarazi dio Mikel Arregi Zestoako alkateak gaur Gukari. Udalak dagoeneko jaso du Jaurlaritzak bidalitako jakinarazpena, nahiz eta erakunde horrek oraindik ez duen argitaratu ebazpena.
Zestoa da gaur-gaurkoz Gipuzkoan tentsiopeko eremu izendapena lortu duen udalerririk txikiena. Behin jakinarazpena jasota, izendapenak herriko alokairu merkatuan eragiteko tresnak emango dizkio udalari. Hain zuzen ere, alokairu prezioen igoera mugatu ahal izango du, kontratu berrietan erreferentziazko prezioak aplikatu ahal izango ditu, jabe handiei baldintza zorrotzagoak ezarri ahal izango dizkie eta alokairuan dagoen pertsonaren babesa indartu ahal izango du kontratuetan.
2024an hasitako bidea
Zestoako Udalean ordezkaritza duten alderdiek 2024ko martxoko udalbatzarrean aho batez erabaki zuten herria etxebizitza merkatu tentsionatua duen eremu izendatzeko eskatzea. Espainiako Kongresuak 2023an onartutako Etxebizitza Legean jasotako baldintzak betetzen zituela eta, udalak eskaera egin zion Eusko Jaurlaritzari, baina Zestoa tentsiopeko eremu izendapena jaso zuten herrien lehen zerrenda hartatik kanpo geratu zen.
Harridura sortu zuen Eusko Jaurlaritzak hartutako erabaki hark. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez osatutako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tentsio handiko eremuen mapatik kanpo utzi zuen Zestoa. 2025eko maiatzean kaleratutako zerrenda hartan, baina, Zumaia eta Orio ageri ziren, baita ordurako izapideak egiten hasia zen Azkoitia ere. Gainera, Zarautz izendapen partziala izatetik osoa izatera ere igaro zen.
Bi baldintza edo egoera hartzen ditu Jaurlaritzak kontuan tentsio handiko eremuak izendatzeko: batetik, azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa erkidegoko batez besteko KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana; bestetik, herritarrek soldataren %30 baino gehiago etxebizitza ordaintzera bideratu behar izatea. Gainera, izendapena izan daiteke osoa edo partziala, eta Zestoak udalerri osoa hartzen du tentsiopeko eremu izendatzean.
Zumaia aurrena
2025eko irailean, bost ziren Gipuzkoan tentsio handiko eremu izendatutako herriak, eta horien artean zen Zumaia –gainerakoak Donostia, Irun, Errenteria eta Lasarte-Oria izan ziren–. Apirilean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak Zumaiak Bizitegi Merkatu Tentsionatutako Gune bihurtzeko alegazio prozesua gainditu zuela, eta horren ostean jaso zuen izendapena. Urola Kostan tentsionatutako gune izendatutako lehen udalerria izan zen Zumaia. Udalak 2024ko otsailean eskatu zuen herria tentsiopeko eremu izendatzea.