Gaur argitaratu dute Espainiako Aldizkari Ofizialean: Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Gipuzkoako erreferentziazko prezioen indizea zehaztu du, eta arau horrek, bihartik, asteazkena, tentsiopeko eremu izendatutako udalerrietako alokairuko prezioak mugatzea ahalbidetuko du.
Gipuzkoan bost dira tentsio handiko eremu izendatutako herriak, eta tartean da Zumaia. Herri horretan ez ezik, Donostian, Irunen, Errenterian eta Lasarte-Orian ere aplikatu ahal izango dute neurria. Dena den, oraingoz, ez dute publiko egin herri bakoitzeko erreferentzia indizea zein den.
Hori bai: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak gogorarazi du udalerri horietako alokairu kontratuen %90 Etxebizitza Alokairuaren Erreferentzia Indizearen (EAB) bidezko kontrol sistemari daude lotuta, eta horrenbestez, neurri berriak sistema horretara lotzeke dauden kontratuen %10i soilik eragingo die.
Espainiako Ministerioaren arabera, erreferentziazko indizeak bost higiezin edo gehiago dituzten jabeei, lehen aldiz etxebizitza merkatuan sartzen diren etxebizitzen jabeei edo azken bost urteetan errentak izan ez diren etxebizitzen jabeei eragingo die.
Gainera, aurreratu dutenez, zenbait datu hartuko dituzte aintzat etxebizitzen errenta zenbatekoa den zehazteko: katastroko erreferentzia, helbidea, energia ziurtagiria, kontserbazio egoera eta instalazioa, besteak beste. Modu horretan, higiezin bakoitzari aplika dakiokeen alokairu prezioaren tarte objektiboa lortuko dela zehaztu du Espainiako Gobernuak.
Zumaiako etxebizitzen alokairuen prezio tartea zenbatekoa izango den argitzeko dago, oraingoz. Guka harremanetan jarri da udalarekin, eta erakundeak jakinarazi dio oraindik ere aztertzen ari direla arau berria.