Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak atzo goizean aurkeztu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eremu tentsionatu izenda daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua. Tentsio handiko eremu izendapenaren helburua zera da: alokairu prezioen igoeraren aurrean, erakundeek esku hartu ahal izatea.
Urola Kostari dagokionez, eremu tentsionatu izendapena jasotzeko prozesua martxan dute Azkoitiak, Zestoak eta Zumaiak, baina atzoko txosten berrituan, Zestoa zerrendatik kanpo gelditu da, orain irizpideak ez omen dituelako betetzen. Albiste horrek berehalako erantzuna eragin zuen Zestoako Udalaren aldetik. Hedabide honek galdetuta, Mikel Arregi alkateak "harridura" adierazi zuen albistearen aurrean, eta kritikatu egin zuen berria prentsa bidez jaso izana; akatsa izatea espero duela gaineratu zuen. "Eusko Jaurlaritza zuzenean jarri zen gurekin harremanetan eremu tentsionatu izateko baldintzak betetzen genituela esateko orduan, eta guk, hilabete askotako lanaren ondoren, eskaera eginda geneukan. Espero dugu akatsa egon izana eta gure eskaerak aurrera jarraituko duela, bestela ez baita ulertzen". Hiru urteko ekintza plana eginda dauka, izan ere, Zestoako Udalak, eta Miguel de los Toyos Hirigintza sailburuordeak martxoan hedabide honi baieztatu zion irail aldera jasoko zuela Zestoak eremu tentsionatu izendapena. Eskualdeko herri gehiago ere ageri dira atzo aurkeztutako txostenean: Getaria eta Orio aurreneko aldiz izendatu dituzte eremu tentsionagarri, eta Zarautz, partzialki eremu tentsionatu izatetik erabat tentsionatua izatera pasatu da.
Haritz Alberdi Getariako alkatearentzat berria positiboagoa izan arren, hark ere nabarmendu zuen prentsaren bidez izan dutela albistearen berri, eta gaineratu zuen datozen egunetan baloratuko dutela Getaria eremu tentsionagarrien zerrendan sartu izana. Hori bai, gogorarazi zuen herrian urteak daramatzatela etxebizitzaren arloko neurriak hartzen: "Nabarmena da etxebizitzaren arazoa, batez ere kostaldeko herrietan, eta horri aurre egiteko udalak urteak daramatza hainbat egitasmo bultzatzen; esaterako, hor daude Eskualtxetan egingo den zuzkidurazko alokairuko etxebizitzen proiektua eta Potzuaga Gaineko babestutako etxeena, baita etxebizitza hutsei jartzen zaien errekargua nahiz Alokabiderekin egindako hitzarmena ere".
Zarautzen balorazio ona
Zarautz, partzialki eremu tentsionatu izatetik erabat tentsionatua izatera pasatu da; Zarauzko PSE-EEren udal taldeak gune tentsionatu izendatzeko prozesua abiatzearen inguruko mozioa aurkeztu zuen otsaileko plenoan, eta EH Bilduren aldeko botoei esker aurrera egin zuen proposamenak.
Garbiñe Oiarbide Zarauzko Udaleko Etxebizitza zinegotzia eta EAJ udal taldearen bozeramaileak adierazi du gai honen inguruan "koherentziaz" jokatu dutela eta Eusko Jaurlaritzaren datuak "ontzat" eman dituztela beti. "Gainera, beti esan izan dugu zarauztarren artean diferentziak egitea ez litzatekeela zuzena, Zarautz bat delako eta zarauztarrek eskubide eta betebehar berak eduki behar dituztelako".
Otsaileko Osoko Bilkuran esandakoa ekarri du gogora Oiarbideak: "Bizkaia kalea 15en bizi diren zarauztarrek eta Bizkaia kalea 2n bizi direnek arazo berdinak dituzte eta soluzio berak merezi dituzte. Horregatik, ez genuen Zarauzko lehenengo barrutia bakarrik tentsio eremu izendatzearen alde egin. Argitaratu berri diren datu horiekin aukera hori baztertuta geratzen da eta, zentzu horretan, positiboa da".