Argiolaren Aizarnako proiektua martxan dago jada, eta ospatzeko, ekitaldia egingo dute zapatuan

Maddi Txintxurreta 2025eko abenduaren 11

Aizarnako plaza.

Aizarnako proiektua martxan dagoela ospatzeko ekitaldia egingo du Argiolak larunbatean. Zestoako eta Iraetako energia proiektuaren berri ere emango du.

Argiolak Aizarnan jarri dituen eguzki plakak martxan daude jada, eta horri esker, aizarnarrak auzoan bertan sortutako energia kontsumitzen ari dira dagoeneko. Mugarri hori ospatzeko nahiz herritarrei esku artean dituzten proiektuen aurrerapenen berri emateko, Zestoako energia komunitateak ekitaldi bat antolatu du larunbaterako Aizarnan.

"Aizarnan sortutako argindarra aizarnarrok zuen etxeetan kontsumitzen hasi zarete dagoeneko. Ez da makala lortutakoa… bejondeizuela! Bidea luzea izan bada ere, kontsumo partekatuaren bidez sortutako energia bertaraino iritsi da, eta instalazioek sortutakoa sareratzeko aukera gauzatu dugu. Proiektu jasangarria ez ezik kolektiboa ere bada, guztion lorpena baita", adierazi du Argiolak.

Energia komunitateak proiektuan parte hartu dutenekin ospatu nahi du lortutakoa, eta beraz, larunbatean Aizarnan antolatu duen ekitaldira gonbidatu ditu Argiolako bazkideak. 12:00etan hasiko da ekitaldia, eta aurreratu dutenez, hitzartze txiki bat egin ostean, bazkideen argazkia egingo dute, eta mokadutxorako tartea hartuko dute gero. Ekitaldira agertuko diren herritarrek abisatu dezatela galdegin dute Argiolakoek, berdin argiola@ni.eus helbidera idatzita ala energia komunitateko bazkideren bati horrela adierazita.

Lortutakoa ospatzeaz gain, Zestoako eta Iraetako proiektuan eman dituzten pausuen berri emango du Argiolak. Jakinarazi du, halaber, Arroabeko proiketuari dagokionez "gauzak bere bidean" doazela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide