Aizarnan eta Arroabean eguzki plakak jartzeko hitzarmena sinatu dute Zestoako Udalak eta Argiolak

Mailo Oiarzabal 2024ko ira. 18a, 16:53

Aitana Etxeberria Argiolaren presidentea eta Mikel Arregi Zestoako alkatea, hitzarmena sinatzerakoan. (Zestoako Udala)

Aizarnako pilotalekuko teilatua eta Arroabeko eskolaren teilatuko zati bat utziko dizkio udalak energia komunitateari, hori energia berriztagarria sortzen has dadin. Arroako eskolako teilatuko beste zatia eta Aizarnako eskolakoa udalak berak erabiliko ditu, plakak jartzeko eta energia sortzeko.

Udalerrian energia berriztagarrien erabilera areagotzeko urrats berria egin dute Zestoako Udalak eta Argiola energia berriztagarrien komunitateak. Hain zuzen ere, lagapen hitzarmena sinatu dute bi aldeek, Aizarnan eta Arroabean eguzki plakak jartzeko. Hitzarmen horren bidez, Aizarnako pilotalekuko teilatua eta Arroabeko eskolaren teilatuko zati bat utziko dizkio udalak energia komunitateari, hori energia berriztagarria sortzen has dadin. Arroako eskolako teilatuko beste zatia eta Aizarnako eskolakoa, berriz, udalak berak erabiliko ditu, plakak jartzeko eta energia sortzeko.

"Bi auzoetako eraikinak eraikin publikoak izanik, Arroan bertan udal kontsumoa berriztagarrien bidez asetzen hastea da udalaren nahia. Horretarako teilatuaren zati bat udalak baliatuko du eguzki plakak jartzeko, eta beste zatia Argiolari utziko dio. Aizarnan, pilotalekuko teilatua Argiolarentzat izango da, eta Aizarnako eskolako teilatua, berriz, udalak erabiliko du", zehaztu du udalak hitzarmenaren berri. Bi toki horietan plakak "2025ean zehar" jartzea aurreikusten du erakundeak. Bitartean, dagoeneko martxan du lehen instalazio fotovoltaikoa, kiroldegiko teilatukoa; horren plaken bidez sortzen den "energiaren ehuneko ehun udalak bere erabilerarako" baliatzen du.

Argiolak batzarra bihar Arroabean

Argiolak, berriz, urte hau amaitzerako gauzatu nahi ditu Aizarnako eta Arroabeko egitasmoak. Udalak gaur jakinarazi duen hitzarmenaren haritik, atzo Aizarnan bezala, bihar Arroabean izango dute hango herritarrek energia komunitatearen asmoen berri.

Horretarako, Arroabeko Elkargunean deitu du informazio batzarra Argiolak, 18:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide