Argiola Zestoako energia berriztagarien kooperatibak Arroabeko eta Aizarnako proiektu fotovoltaikoei buruzko batzarrak deitu ditu datorren asterako. Herritarrei proiektu horien inguruko azalpenak emango dizkiete batetik, eta proiektu komunitario horietara batzera animatuko dituzte bestetik. Argiolak jakinarazi duenez, urtea amaitzerako egitasmoak gauzatzea dute helburu.
Aizarnan irailaren 17an, asteartea, egingo dute batzarra, 18:00etan Kontsejuan. Aizarnako frontoitik hasita bi kilometroko erradioan bizi den edonork izango du proiektuan parte hartzeko aukera, baita Akuako auzotarrek ere, betiere bi kilometroko erradio horren barruan egotearen baldintza betetzen badute.
Arroabean, aldiz, irailaren 19an, osteguna, elkartuko dira, 18:00etan Elkargunean. Kasu honetan bi kilometroko erradioa Arroako eskola paretik neurtuko da.