Zestoako eta Iraetako proiektu fotovoltaikoak aurkeztuko ditu ostegunean Argiolak

Andoni Elduaien 2025ko ira. 28a, 08:59

Argiola kooperatibaren aurkezpen eguneko irudia. (Guka)

Urriaren 6tik 10era, bestalde, argindar fakturak aztertzeko eta horien gaineko informazioa emateko tailerra eskainiko dute Gurutze jubilatuen tabernan. Urriaren 10ean, egingo du energia komunitateak ezohiko batzarra. Aizarnako eta Arroabeko instalazioak sarera lotzeko baimenik lortu gabe jarraitzen du Argiolak.

Argiolak, Zestoako energia komunitate eta kooperatibak, datozen egunetarako prestatu dituen hitzorduen berri eman du. Argiolak instalazio bana egitea aurreikusten du aurten Iraetan eta Zestoan. Herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte Argiolaren proiektuan parte hartzera, eta gonbidapena zabaltzeko, datorren ostegunean, urriak 2, proiektua aurkeztuko dute Alonderon, 18:00etan hasita. Dena den, argi utzi dute bi proiektu fotovoltaiko horiei dagokionez, bazkideek izango dutela instalazio horietan parte hartzeko "lehentasuna". 

Bestalde, urriaren 6tik 10era bitartean, argindar fakturak aztertzeko eta horien gaineko informazioa emateko tailerrak eskainiko dituzte Gurutze jubilatuen tabernan; 17:30etik 19:30era bitartean izango dira saioak, egunero. "Proiektuan parte hartu nahi dutenen argindar fakturak aztertu eta proiektuari buruzko argipen zehatzagoak emango ditugu", adierazi dute. Hori hala, tailerrean parte hartzeko asmoa duten herritarrei argindar fakturak eramateko eskatu diete. 

Hitzordu horien guztien ondoren, Argiolak epe bat zabalduko du herritarrengana hurbiltzen jarraitzeko eta informazio gehiago zabaltzeko. Hala eta guztiz ere, adierazi dute inork bere betebeharrez edota egin beharreko ekarpenei lotutako zalantzak baditu, argiola@ni.eus helbide elektronikora idatzi edota 642 63 76 18 telefono zenbakira deitu dezakeela.

Baimenik ez, oraingoz

Aizarnako frontoiko teilatuan eta Arroabeko eskolaren teilatuko zati batean lehen biak jarri ondoren, energia komunitateak uztailean jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak beste proiektu fotovoltaiko bat eraikitzeko egitasmoa diruz laguntzea ebatzi zuela.

Ordea, Aizarnako eta Arroabeko instalazioei lotuta, kooperatibak azaldu du oraindik ez dutela lortu sarera lotzeko baimenik. "Berri onak noiz helduko zain gaude", adierazi dute. Aizarnan, frontoiko teilatuan jarri dituzte eguzki plakak, eta Arroabeko eskolan, teilatuaren zati batean. 

Ezohiko batzarra

Bestalde, urriaren 10ean, ostiralez, Argiolak ezohiko batzarra egingo du. Bilkura horren helburua da orain artekoari buruzko argipenak ematea eta proiektu berriei buruzko erabakiak hartzea. Dena den, energia komunitateak oraindik ez ditu jakinarazi batzar horren kokalekua eta ordua. Aurrerago emango dute horren berri. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide