Albiste onak jaso eta zabaldu ditu Argiolak, Zestoako energia komunitate eta kooperatibak, udako oporraldi nagusiaren atarian. Aizarnako frontoiko teilatuan eta Arroabeko eskolaren teilatuko zati batean lehen biak jarri ondoren, Zestoako herrigunean beste instalazio fotovoltaiko bat jarri ahal izateko diru laguntza eskatua zuen Argiolak Gipuzkoako Foru Aldundian, eta aldundiak hirugarren proiektu hori ere diruz lagunduko duela jakin berri dute Zestoako energia komunitatekoek.
"Zorionekoak gara", diote Argiolakoek, kooperatibako bazkdeei igorri dieten gutunean: "Aurten ere, gure jarduera aurrera eraman ahal izateko kudeaketa gastuei dagokienez eta instalazio fotovoltaiko berria egin ahal izateko bultzada izango dugu".
Zestoa osoari estaldura
Dagoeneko bukatuta dituzten bi instalazioetan sortutako energia sarera bideratu eta bazkideak kontsumitzen hasteko beharrezko duten baimena ez dute oraindik jaso –"uste baino gehiago kostatzen ari zaigu, diote–, eta eguzki plaken hirugarren instalazioa non kokatuko duten zehazteke dute –aukera bat baino gehiago ari dira aztertzen, udalarekin–, baina jartzen duten tokian jartzen dutela, Zestoako biztanle guztiek izango dute, Argiolarekin bat eginez gero, instalazio hori martxan jarritakoan sortuko duen energia kontsumitzea.
Izan ere, orain arte bi kilometroko erradioan bizi zirenek kontsumi zezaketen autokontsumo partekatuaren bidez teilatuetan instalazio fotovoltaikoak dituzten energia komunitateek sortutako energia, baina distantzia hori bost kilometrora zabaldu dute orain, legea aldatuta. "Ondorioz, Zestoan nahi duen orok bertan ekoiztutako energia kontsumitzeko aukera izango du, egun dauden bi instalazioez gain, herrigunean kokatuko den beste instalazio berria gehituta. Kontuan izan
behar dugu, lege berriarekin, adibidez, Zestoako kaskoan bizi denak, Arroabeko edota Aizarnako proiektuetan ere parte hartu ahal izango duela, edota alderantziz; eta baita gainerako auzotarrek ere", azaldu du Argiolak. Lasao, Txiriboga, Endoia, Arroagoia, Iraeta… Udalerriko auzo eta biztanle guztiek izango dute, hala nahi badute, Argiolaren proiektuan parte hartzeko aukera.
"Hori oso garrantzitsua da", nabarmendu du Argiolak, "bai balizko erabiltzaileentzat eta baita proiektu beraren bideragarritasuna kontuan hartzen badugu ere".
Kanpaina berria, irailean
Bazkideak izango dira Argiolare instalazioetan parte hartzeko lehentasuna izango dutenak, baina "herritar oro gonbidatu nahi" du Zestoako energia kooperatibak bere proiektuan parte hartzera.
Horretarako, Argiolako kideekin harremanetan jartzea besterik ez dute egin beharko, informazioa edota bete beharrekoez nahiz egin beharreko ekarpenei buruzko argibideak jasotzeko. "Galdetu lasai, inolako
konpromisorik gabe", diote Argiolakoek, eta bi bide jarri dituzte interesa duten herritarren eskura: argiola@ni.eus helbide elektronikoa eta 690 06 81 81 telefono zenbakia.
Gainera, irailean informazio eta bazkidetza kanpaina berria martxan jartzeko asmoa du Argiolak. Aizarnako eta Arroabeko proiektuak martxan jartzeko egin zuen bezala, informazio mahaiak jarri eta saioak antolatuko dituzte.