Herritarren indarra behar, argia pizteko

Mailo Oiarzabal 2024ko urr. 4a, 09:16

Aratz Etxeberria eta Igor Odriozola, Argiolako kideak. (Mailo Oiarzabal)

Aizarnan eta Arroabean eguzki plaken proiektuak gauzatzeko hango biztanleen babes bila dabil Argiola Zestoako energia kooperatiba.

"Energiaren inguruko kontzientziazioan eta ahalduntzean sakontzea, eraginkortasun energetikoa eta mugikortasun jasangarria bermatzea, energia kontsumoa murriztea, energiaren auziari soluzio teknologikoak eta soziopolitikoak aurkitzea, eta burujabetza energetikoa lortzea". Bost helburu orokor potolo horiek gauzatzeko bidean lan egiteko sortu zuten duela pare bat urte Zestoan Argiola energia komunitatea. 2023ko otsailean jendaurrean aurkeztu, esku artean zituzten proiektuak mahai gainean jarri eta horiek egin ahal izateko bazkidetza kanpaina jarri zuten martxan; 130etik gora bazkide batu dira orain arte autogestio eta autokontsumo kolektiboan oinarritutako proiektura. Orain, kooperatiba eratuta, beharrezko hitzarmenak gauzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldunditik ezinbesteko diru laguntza eskuratuta, duela urte eta erdi aurkeztu zuten asmoa teoriatik praktikara eramateko ordua iritsi zaio Argiolari.

Aratz Etxeberria (Zestoa, 1986) eta Igor Odriozola (Zestoa, 1976) Argiolako kideak kooperatibak une honetan esku artean duen "erronka" nagusiaz mintzatu dira. Iazko aurkezpenean aurreratu zutenez, Aizarnan eta Arroabean hasiko da Zestoako energia kooperatiba plaka fotovoltaikoen bidez energia sortzen eta sortutako energia bi kilometroko erradioan kontsumitzera bideratzen; azalera horren barruan bizi eta proiektuarekin bat egin eta bazkidetzen direnek kontsumi dezaten, hain zuzen. Zestoako Udalarekin lagapen hitzarmena egin ostean, bi gune publiko baliatuko ditu Argiolak bere lehen egitura fotovoltaikoak ezartzeko: Aizarnako frontoiko teilatua eta Arroabeko eskolaren teilatuko zati bat.

"Aizarna eta Arroabea aipatuta, batzuek pentsa dezakete bi guneetako herri kaxkoetan bizi direnek bakarrik izango dutela eguzki plaken energia baliatzeko aukera, baina bi kilometroko erradioa eremu askoz zabalagoa da. Baserri pila bat sartzen dira hor, batean zein bestean", zehaztu nahi izan du Odriozolak. Horrela, Aizarnako azpiegitura fotovoltaikoaren eragin eremuak Akoa barne hartuko du, eta Altzolarats bailarako baserri batzuk ere bai, esaterako; eta Arroakoak, berriz, Arroaerrekako baserri "dezente", Ibañarrieta, Narrondo eta Zumaiako etxe batzuk ere bai, besteak beste. Eremu horietako herritarrak ere "animatu" nahi dituzte Argiolakoek.

"Herritarren txanda"

Herri ekimeneko proiektua da Argiola. Bi urte pasa daramatzate hainbat herritarrek borondatez eta musu-truk ordu asko lan eginez, proiektuari forma ematen, energia sortzeko eta kontsumitzeko beste eredu bat martxan jartzeko eta gainerako herritar guztiei eskaintzeko, horren guztiaren onuran sinetsita. Horregatik, autokontsumo kolektibora zuzendutako lehen bi proiektu fotovoltaikoak gauzatzeko unea iritsi denean, "herritarren txanda" dela gogorarazi nahi du energia kooperatibak.

«Aizarnan eta Arroan proiektura batuko den jendea lortzea» da uneotan Argiolakoen erronka nagusia: «Inguru horietako herritarrak erakartzea nahi dugu, proiektua bera martxan jartzeko», azaldu du Odriozolak. Izan ere, Argiolaren bazkide asko, edo gehienak, herrigunean bizi dira, baina herrigunerako proiekturik ez dute, momentuz. Jende gutxiago bizi den inguruetan hasiko dute bidea, eta buru-belarri dabiltza ahalik eta jende gehienarengana iristeko lanean, martxan jartzeko gutxieneko kopuruak behintzat bermatzeko. «Zenbat eta bazkide gehiago izan, kooperatibak indar gehiago izango du, proiektuak zein edozein ekintza antolatzeko», gehitu du Etxeberriak, jendea batzearen garrantzia azpimarratzeko.

Aizarnan zein Arroabean batzar bana egin, eta informazioa eskaintzeko zein bazkidetzak egiteko mahaiak jarri dituzte aurreko asteetan. Herritarrek "harrera ona" egin dietela diote Argiolakoek, baina harrera eta interesa azkenean zenbat bazkidetzatan islatuko diren jakiteke dago, eta horrek eragiten die ziurgabetasun puntu bat. Bi proiektuak gauzatzeko eskuratu dituzten diru laguntzak baldintza jakin batzuk betetzearekin lotuta daude, eta epe jakinak dituzte helburuak lortzeko. Urriaren 14ra arteko epea jarri dute herritarrek Aizarnako zein Arroabeko proiektuekin bat egiten duten ala ez baieztatzeko; horretarako, informazio guztia jasotzeko edota zalantzak argitzeko, argiolakomunitatea@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 690 068 181 telefono zenbakira deitu behar dute herritarrek. Aurrerago ere izango dute herritarrek proiektura batzeko parada, baina aukera hori izateko, lehendabizi, proiektua bera martxan jarri beharko da, ezinbestean; eta horretarako, orain behar dute babesa Argiolakoek.

Batzarra, urriaren 11n

Epe hori bete aurretik, hilaren 11n, bazkide batzarra egingo du Argiolak (Alonderon, 18:00etan). Ordurako esku artean izango dituzten datuekin eta kopuruekin, han zehaztuko dituzte aurrera eraman nahi dituzten proiektuen baldintzak.

Etxe bakoitzeko kontsumo ohituren eta kopuruen arabera, bakoitzari zer potentzia eta instalazioetako zenbat plaka komeni zaizkion estimazioa egiten diete Argiolakoek herritarrei, haiek emandako fakturetan oinarrituta; eta faktore horien arabera, zer ekarpen mota eta zer inbertsio egin beharko luketen esaten diete. Horrez gain, etxebizitzetan ez dute inolako instalaziorik egin beharrik izango.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide