Zestoako festak

Haurren eskutik hasi dituzte Zestoan festak

Maialen Etxaniz, Ane Olaizola eta Usua Garin 2025ko ira. 5a, 17:26

Umeen Egunarekin hasi dituzte Zestoako festak, eta gaurko jai egunean protagonista direnek bota dute jaiei hasiera emateko txupinazoa udaletxeko balkoitik. Datorren astelehen gauera arte jaiek ez dute etenik izango Zestoan.

Ofizialki gaur hasi dituzte festak Zestoan. Hamabietako kanpaiek jo orduko bota dute jaiei hasiera emateko suziria udaletxeko balkoitik, eta aurten, herriko haurrek izan dute horretarako ardura. Izan ere, aurten Umeen Eguna dute festen lehen eguna, eta horrenbestez, herriko haurrak dira protagonista. Herriko plazan, haur, gazte eta heldu ugari elkartu da jaien hasierako ospakizunean. 

Zestoako bandera zein ikurrinaz gain, Palestinako bandera ere ikusi ahal izan da txupinazoan, udalak gogoan izan baitu Gazan sufritzen ari diren genozidioa. Mikel Arregi alkateak ezin izan du ekitaldian parte hartu osasun arrazoiengatik, eta haren ordez, Lorea Ilundain alkateordeak hitz egin du. Festak ongi pasatzeko mezua helarazi die hark herritar guztiei, suziria piztu duten haurrek bezalaxe.

Txupinazoaren ondoren, gaztetxoen dantza saioak hartu du herriko plaza, eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta, askotariko piezak dantzatu dituzte. Herriko bandak, buruhandiek zein Joselontxos txarangak ere girotu dute eguerdi tartea. 

Astelehenera bitartean —Ama Birjina eguna—, Zestoako festek ez dute atsedenik. Honakoa da egitaraua:

  • Gaur, ostirala. Umeen Eguna
    17:30. Lopene ganadutegiko poniak, plazan.
    19:00. Ostarte taldearekin erromeria, Laranjadin.
    22:00. Suzko zezena.
    Ondoren, Ostarterekin erromeria eta DeBrass, Laranjadin.

  • Etzi, larunbata
    10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
    12:00. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan, 14:00ak arte.
    12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Ustekabe txaranga egunean zehar.
    14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasatuko da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
    15:30. Jolas parkea umeentzat frontoi inguruan 19:30ak arte.
    17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
    19:00. Ustekabe txaranga.
    22:00. Sukena, Hazas eta Jagoba, Laranjadin.

  • Irailak 7, igandea
    09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
    10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
    12:30. Nafartasunari gorazarrea, musika, bertso eta dantzaz alaiturik, sorgin ehizaren bosgarren mendeaurrea gogoratuko da.
    17:00-19:00. Kirol joko handiak, frontoi zaharrean.
    17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
    18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertuak estazio aldean: Ez Ez Ez, Makeda eta Sal del Coche.
    18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Curro Muñoz. Ordezkoa: Raul Jerez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
    Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
    21:00. Skapaie.
    23:00. M&M, Laranjadin.

  • Irailak 8, astelehena. Ama Birjina eguna
    09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
    10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
    11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz txistulari taldearen kalejira.
    12:00. Meza. Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
    13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
    17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
    18:00. Tor magoa, kiroldegiko aterpean.
    18:00. Gurea Kultura ekimenak antolatuta zezenketen alternatiba kontzertua estazio aldean: Anari.
    18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Juan Pablo Ibarra. Ordezkoa: Marco Pelaez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos. 
    Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
    Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
    20:00. Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.
    21:00. Laket taldearekin erromeria.
Erlazionatuak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide