Zestoako udal ordezkariek azaroko udalbatzarra egin zuten atzo iluntzean. Hiru puntu baino ez zituzten gai zerrendan, eta hamar minuturen bueltan bukatu zuten bilkura.
Aurreko udalbatzarreko akta onartuta, Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak datorren urterako proposatutako tarifa igoera izan zuten hizpide. Hain zuzen, tarifak %2,3 igotzea proposatu du elkarte horrek. Mikel Arregi alkateak adierazi zuenez, eskualdeko udaletako ordezkariek gaiaz hitz egiteko egindako bileran ontzat eman zuten datorren urtean igoera hori gauzatzea, eta atzoko bilkuran ere aho batez onartu zuten.
Horrez gain, Zestoako Udalak mahai gainean duen beste gai bat ere izan zuten hizketagai: lokal komertzialak bizitoki bihurtzeko ordenantza. Ordenantza hori onartuta du udalak, eta alegazioak aurkezteko epea bukatuta, herritar baten ekarpena jaso dutela adierazi zuen alkateak. Alegazio hori Hirigintza Batzordean aztertu dutela eta onartu egin dutela ere jakinarazi zuen, herritar horrek "arrazoia" duelako. Horrenbestez, behin betiko onartu zuten lokal komertzialak birgaitzeari buruzko gaineko ordenantza, eta beraz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, indarrean jarriko da.
Etxebizitza eskaintza murritzari eta lokalak etxe bihurtzeari buruzko kontsultei erantzunez osatu du ordenantza udalak. Gainera, herriguneko puntu nagusietako lokalak hirugarren sektoreko erabilerarako izango dira, orain arte bezala. Gainerako eremuetako beheko solairuetako eta erdisotoetako lokaletan bizileku iraunkorrak atondu ahal izango dituzte herritarrek, baina horiek ezingo dira erabili ez bigarren etxebizitza gisa, ez etxebizitza turistiko gisa.
Halaber, ordenantzan jaso dute etxebizitza gisa birgaitutako lokal horien salmenta prezioa; gehienez, babestutako etxebizitza publikoen gehienezko prezioa izan beharko du zenbateko horrek. Alokairura bideratzen bada, berriz, urteko alokairu prezioa lokalaren salmenta prezioaren %3 izango da gehienez, eta kontratua udalak balioztatuko du.
Joseba Azpeitiaren idatzia
Bestalde, 1999tik 2003ra Zestoako alkate izan zen Joseba Azpeitiak udalera aurkeztutako idatzi bat ere irakurri zuen idazkariak atzoko udalbatzarrean, idatzi hori baitzen gai zerrendako hirugarren puntua. Hark aurreko hileko udalbatzarrean –urriaren 31n– landutako gai bati erreferentzia eginez aurkeztu du idatzia.
Izan ere, Ekainberri museoaren bueltako lanpostu baten auziaz aritu ziren lehengo hileko udalbatzarrean, erakundeak aurrekontuak aldatu behar izan dituelako Espainiako Auzitegi Gorenak ezarri dion 523.000 euroko zigorra ordaindu ahal izateko. Bilkura hartan hika-mika izan zuten EH Bilduko eta EAJko ordezkariek, eta Azpeitiaren garaiko kontuak ere izan zituzten hizketagai.
Alkate ohiak idatzian jaso duenez, EAJko zinegotzi Montse Atxegak behin baino gehiagotan aipatu zuen bere izena aurreko hileko udalbatzarrean, Ekainberriko puntuaz eztabaidan ari zirela. Horri lotuta, bi aipamen egin ditu Azpeitiak. Batetik, Zestoako Udalak eta Lili jauregiko Olazabal familiak hitzarmena 1999ko maiatzaren 28an sinatu zutela eta berak alkate kargua urte hartako uztailaren 3an hartu zuela, beraz "nekez" sina zezakeela berak hitzarmen hura. Bestetik, berriz, auzi horren epaiketan bi alkatek parte hartu zutela esan du: udalaren defentsak eskatuta, 1995etik 1999ra bitarteko agintaldian alkate izan zenak; eta demandatzaileak eskatuta, 2015etik 2019ra alkate izan zenak. Azpeitiak idatzian gaineratu duenez, komunikabideen bidez jakin du berak auziaren berri, epaia atera eta gero. "Beraz, erantzukizunaren inguruan, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak", dio hark.
Idatzia irakurri ostean, eta berari aipamena egin ziola jakitun, Atxegak hartu zuen hitza atzoko udalbatzarrean. Hark "zuzenketa bat" egin nahi zuela esan zuen, eta argitu nahi izan zuen aurreko udalbatzarrean berak ez zuela esan Joseba Azpeitiak sinatu zuela 1999ko maiatzaren 28ko hitzarmen hura. "Nik eskritura publikoa irakurri nuen, Azpeitiak 2002an sinatutakoa, eta aurreko plenoko bideoaren 23. minutuan ikus daitekeenez, alkateak moztu egin ninduen hitzarmen hura beste alkate batek sinatu zuela esanez. Bai, egia da hori; ez dut sekula ukatu lehen hitzarmen hura Xabier Unanuek sinatu izana. Baina bigarren hitzarmena, 2000. urtean egin zutena, Josebak [Azpeitiak] sinatu zuen, eta lanaldiari dagokion eta lehen hitzarmenean idatzita zegoen zatia hitzez hitz jaso zen bigarren hitzarmen horretan ere".
Aurreko plenoak hitzarmenaren zati hori irakurri zuela esan zuen Atxegak, horixe dagoelako jasota eskritura publikoan, eta EAJko zinegotziak esan zuen ez zuela ulertzen Azpeitiak zergatik esaten zuen berak ez zuela sinatu hitzarmena: "Oso garbi neukan nik hori".