Merkataritzako lokalei bizitoki erabilera emateko ordenantza onartu du Zestoako Udalak

Aitziber Arzallus 2024ko uzt. 24a, 11:55

Zestoako Laranjadi plaza. (Guka)

Herriguneko eta Arroabeko lokalei eragingo lieke araudi berriak, eta salbuetsita leudeke Zestoako kasko historikoan eta herriko plazan eta Laranjadi plazan dauden lokalak, baita Portale eta Gesalaga kaleetan daudenak ere, herriko bi arteria nagusiak izanik, bi kale horietan merkataritza erabilerarako lokalak egotea lehenesten duelako udalak.

Lokal komertzialen erabilera aldaketa jasotzen duen ordenantza onartu zuen atzo Zestoako Udalak, uztaileko ohiko udalbatzarrean. Horrela, ordenantza indarrean sartzen denetik aurrera, bizitoki erabilera eman ahalko zaie lokal komertzialei, ordenantzak jasotzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badituzte behintzat. Herriguneko eta Arroabeko lokalei eragingo lieke araudi berriak, eta salbuetsita leudeke Zestoako kasko historikoan eta herriko plazan eta Laranjadi plazan dauden lokalak, baita Portale eta Gesalaga kaleetan daudenak ere, herriko bi arteria nagusiak izanik, bi kale horietan merkataritza erabilerarako lokalak egotea lehenesten duelako udalak.

Zestoan herritarren etxebizitza eskubidea bermatzeko zer-nolako arazoak dauden ikusita erabaki zuen udalak ordenantza lantzea. "Neurrigabeko prezioak, eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka... Zestoak eremu tentsio handiko izendapena jasotzeko baldintzak betetzen ditu, eta eskaera egiteko lanean ari gara", hasi zen Mikel Arregi alkatea. Gogora ekarri zuenez, "2007an ere antzerako ordenantza bat onartu zuen udalak, murritzagoa, baina norabide berean zihoana" . Orduko ordenantza hark iraupen mugatua izan zuela azaldu zuen; "bi urtez egon zen indarrean, eta ez zuen jarraipenik izan". Oraingo honek bide luzeagoa egitea nahi luke, herriko etxebizitzen salmenta eta alokairu prezioetan eragiteko. "Bizitoki erabilera ematen zaien lokal komertzial horiek hitzartutako prezio mugatuak izango lituzkete alokairuan uzteko garaian. Urteko alokairu errentak ezingo du gainditu lokalaren prezio orokorraren %3", zehaztu zuen alkateak. Gaur egungo prezioen ondoan, "prezio duinak" izan beharko dituzte, beraz.

Udalbatzarrean aho batez onartuta, jendaurrean jarriko dute ordenantza, herritarrek ekarpenen bat egin nahiko balute ere. Legeak dio 30 egunez egon behar duela jendaurrean, baina abuztua gainean izanik, epe hori zertxobait luzatu egingo dutela aurreratu zuen alkateak, eta dena ondo bidean, irailaren bukaeran sartuko dela indarrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide